GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Zinemaren doinu beltzak

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa

Azken egunotan zinema giroan murgilduta izan gara Euskal Herrian. Aitzakia ederra eman digu horrek gustuko dugun musikaren eta zinemaren arteko harremanaz hitz egiteko. Jakina da edozein pelikulatan soinu banda pelikularen ezinbesteko osagaia dela, eta musikarekin, irudiari zentzu bat edo beste eman ahal diogula (intentsitatean, giroan eta abar).

Musika afroamerikarrak ez zuen 70eko hamarkada arte benetako garrantzia lortu filmen soinu bandak osatzeko garaian. Ordura arte, aktore afroamerikarrak zuzendari zurien agindupean aritu ziren eta bigarren mailako paperak betetzen zituzten (gizartean ustez «izan behar zuten» paperaren adierazgarri). Sidney Poitierrekin hasi ziren gauzak aldatzen, baina 1968. urtera arte, Melvin Van Peebles zuzendari afroamerikarrak «The Story of Three Day Pass» grabatu zuen arte, zuzendari beltz batek ez zuen zinema industriaren babesik jaso (nahiz eta horretarako babesa Frantzian bilatu behar izan zuen, AEBetako ekoizleek ez zuten ekoiztu nahi eta).

Garaiko giro politikoak bultzatuta, afroamerikarrek zuzendutako eta antzeztutako filmak perretxikoen pare hasi ziren ugaritzen («Shaft», «Superfly», «Foxy Brown» eta abar). Zinemaren ikuspegitik ez zuten maila handirik eta, zoritxarrez, ez zen gizon eta emakume afroamerikarren irudi oso ona eskaintzen. Filmetako gai nagusiak kaleetako bortizkeria, sexua eta drogak ziren, oso modu arinean aurkeztuta baina, gaurko ikuspegitik, izugarrizko balioa dute garaiko giroaren isla direlako eta harri-bitxiz jositako soinu bandak dituztelako. Kritika asko jaso zituzten eta Blaxploitation izena jarri zieten. Blaxploitation filmen sukarra lau haizetara zabaldu zen eta Jamaikan adibidez, irlako garaiko egoera primeran islatzen zuen «Rockers» filma grabatu zen 1978. urtean (zuzendari zuri batek, hori bai). 80eko hamarkadan, berriz, beroaldia hoztuko zen eta gauzak «bere lekura» bueltatu ziren pixkanaka. Aktore eta zuzendari afroamerikarrak sisteman integratu dira guztiz eta «dagokien» papera jokatzen dute (salbuespenak salbuespen).

Musikarekin ere antzekoa gertatu da. Euskal Herrian berriz, musika arloan aberastasun handia dugu (aberasten jarraitu beharrekoa), baina ez da gauza bera gertatzen zinemarekin. Egia da, film bat egiteko baliabide asko behar direla, baina gaur egun teknikoki erraztasun handiak daude eta ordu eta erdiko filmak egin gabe ere, film labur edo antzeko formatuekin joka daiteke zinemaren eta musikaren arteko harremana arakatzeko. Animo, beraz.. Aisialdian edo lanean, belarriak errespetatu behar ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo