«Musikariok musikaz bizitzeko eskubidea dugula uste dugu guk»
Xabi Bandini eta Mikel Zorrilla
Kerobia taldeko abeslari eta bateria jotzailea
Ausardia. Kerobia. Talde nafarrak “Papera eta kartoia” aurkeztuko du bihar Iruñean. Musikaren atzeko bidea aukeratu zuten trilogia berri bat kaleratzeko. Beren musika euren webgunetik eskaintzen dute, bitartekariei uko eginda. Sormenaren hurrengo estadiora heldu nahi dute inongo lotura barik.
Izkander FERNANDEZ | BILBO
Soinu eta erritmoak hiru edukiontzitan banatu, eta entzuleari doan eskaintzeko apustuari heldu zion Kerobia taldeak. Urte eta erdian hiru EP ateratzea -seihilekoan bat- zuten erronka, «Materia organikoak eta gainerakoak» lanarekin hasita. Bigarrena «Papera eta kartoia» eman dute orain (Atarrabiako Totem aretoan aurkeztuko dute bihar, 22.00etan, Zeren Zai taldearekin batera), eta 2010eko maiatzean helduko zaigu azkena.
Zuen proiektuaren erdia gainditu eta gero, balantzeren bat egiten duzue?
Balantzeak ekintza guztiekin egiten dira gutxi gorabehera, eta horrelako proiektu handi batean balantza global bat egitea nahiko zaila da, gauza asko izan direlako; batzuk onak eta besteak orain beste modu batean egingo genituzkeenak. Dena den, orokorrean, gustura gaude, trilogia amaitzeko gogoarekin, eta aurrera segitzeko ilusioarekin.
Zer espero dezake musika debalde eskaintzen duen talde batek?
Guk uste dugu musikariok musikaz bizitzeko eskubidea dugula eta horretan jabetza eskubideak eta horrelakoak defendatu behar direla. Hori oso garbi daukagu eta zilegi dela uste dugu. Dena den, egun nola dagoen muntatua ez dugu batere gustuko, musikaren merkatua eta gizarteak bide ezberdinak hartu dituztela uste dugu, eta sistema orekatu bat ez duela inork bilatzen. Horregatik hartu genuen SGAEtik (egile eta editoreen elkartea) alde egiteko erabakia, eta horregatik jarri genituen gure diskoak Interneten. Era librean eskuratzea dago, eta bakoitzak erabakiko du zenbat ordaindu, ordaintzeko bidea ere jarri baitugu.
Salmentak garrantzia galdu duten une honetan, nondik jasotzen du talde batek beharrezkoak diren diru sarrerak?
Gure kasuan zuzenekoetatik bakarrik. Agian beste bide batzuk uztar genitzakeen, dirulaguntzak eta halakoak. Ez gara dirulaguntzen oso zale, agian horrek duen esanahiagatik, ez ginatekeela kapaz izango gure jarduera era independentean jorratzeko. Baina nire ustez, formula ezberdinak egon daitezke, esate baterako, musika talde sortzaileen figura sortuz, bere beharretara egokitutako eskubide eta betebehar administratiboekin. Edota entitate ezberdinei (publiko zein pribatu) proiektuak aurkeztuz.
Nola sentitzen zarete SGAEtik kanpo urtebete egon eta gero?
Egin beharreko gauza bat dela uste dugu. Alternatibak eraikitzen ari badira ere, kostako da normaltasunera iristea. Askotan pentsatzen dut ez ote garen zozo samarrak izan. SGAEren bitartez lor genitzakeen diru sarrerak itxi baititugu. Halakoak gara, baina, zer egingo diogu.
Estresatuta sentitu zarete horrelako proiektu batean sartuta egoteagatik?
Bai, zalantza gabe. Lan handia dago disko baten atzean, gehiago norberak ekoiztua bada eta trilogia baten dimentsioa eman nahi badiozu, eta are gehiago, kontzeptuala bada eta ilustrazio zein beste euskarri artistikoez baliatzen bazara. Konposatzea askotan ez da sukaldean edo bulegoan jartzea bezala, buruak lasaitasuna behar du, barealdia. Horrekin zailtasunak izan ditut. Momentu batean lana uzteko arrazoietako indartsu bat izan zen.
Musikalki eta komertzialki, herri honetan indienen artean, indienak ez bazarete, izatetik hurbil zaudete.
Guk argi daukagu zer den egin nahi duguna, zein den gure helburu musikala, zein eboluzio nahi dugun diskotik diskora eta erabaki horiek ez ditugu era komertzial batean aztertzen. Dena den, egia da indi joeraren inguruan mugitzen garela, edo horretara hurbildu garela.
Zer edo zer aldatuko al da trilogiaren azken emanaldian?
Seguru nago gauza asko aldatuko direla. Bai musikalki, eta bai bestelakoak. Oraindik goiz da emaitza zein izango den ikusteko, edo jakiteko zein bide hartuko duen hirugarren aleak, baina abiapuntua ikusten da gutxi gorabehera eta nik uste dut itxura ona duela.
Musikalki, «Papera eta Kartoia» poperoagoa da. Eboluzioa bide horretatik doa?
«Materia Organikoa eta gainerakoak» zikinagoa zen. Azkarragoa, organikoagoa. «Papera eta Kartoia» material landuagoa da eta halaxe da diskoa ere bai. Moldaketa gehiago, sinte asko, musikalki kapa asko uztartu nahi dituena. Hirugarren EPa bien arteko zerbait izan daitekeela uste dut. Hau da, popa landu baina ahaztu gabe nondik jaiotzen den. Akustika zikinez eta garraztasun natural horrekin.