GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mikel Otegik ertzainak hil zituenean ez zela ETAko kidea gogorazi dio Garzoni

Parisek Estatu espainolaren esku utzita, Auzitegi Nazionalera eraman zuten atzo Otegi. Auzi beragatik 1997an epaitua izan arren, berriz epaituko dute, ertzainen heriotzan «xede terroristak» zeuden aitzakia hartuta.

GARA

Bi ertzain hiltzea egotzita, Mikel Otegi itsasondoarra Auzitegi Nazional espainolean epaituko dute, nahiz eta auzi horregatik 1997an epaitu zuten, eta herritarrek osatutako epaimahaiak ez zela errudun esan zuen.

Asteazkenean utzi zuen Estatu frantsesak Polizia espainolaren esku, eta atzo eraman zuten Madrileko auzitegi bereziko Baltasar Garzon epailearen aurrera. 1995. urtean, bi ertzainak tirokatu zituenean ez zela ETAko kidea gogorarazi zion epaileari, eta Gipuzkoako epaitegian epaitua izan zeneko defentsa argudioak errepikatu zituen Otegik.

Epaileak bi ertzainen heriotzagatik auzipetuta dagoela jakinarazi zion goierritarrari, eta epaiketa Auzitegi Nazionalean errepikatuko dela adierazi zion, leporatzen dioten delitua «izaera terrorista duten bi hilketa gauzatzea baita».

1995eko abenduaren 10eko goizaldean, ertzainek Otegiri Itsasondon zuen baserriraino jarraitu ostean, hark etxean zuen eskopeta hartu, eta hil egin zituen. 1997an epaitu zuten auzi honengatik Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, izan ere epaiketak «terrorismoarekin» loturarik ez zuela ondorioztatu zuten orduan, eta horregatik izan zen epaiketa Donostian. Auzi saioak amaitu ostean, herritarrek osatutako epaimahaiak ez zuen erruduntzat jo Otegi. Epaiaren arabera, tiroketa egin zuenean Otegi ez zegoen bere onean, eta aske utzi zuten.

Gerora, EAEko Auzitegi Nagusiak Otegiren aurkako epaiketa baliogabetu eta errepikatzeko agindu zuen, epaiak oinarririk ez zuela adierazita. Auzitegi Goren espainolak eskaera horren alde egin zuen 1998an, baina ordurako Mikel Otegi ihes eginda zegoen, eta ezin izan zuten berriz epaiketa egin.

Polizia frantsesak itsasondoarra 2003. urtean, Irulegin, atxilotu egin zuen, ordea, eta presondegi frantsesetan sei urte eman ditu preso «helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide izatea» leporatuta.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegia Auzitegi Nazionalaren alde inibitu zen 2005ean, legez «erakunde armatu edo elementu terrorista edo errebeldeekin zerikusia duten pertsonak» eginda- ko delituak epaitzea auzitegi berezi honi dagokiolako. Alta, Otegik atzo gogoratu bezala, orduan ez zuen ETA erakunde armatuarekin harremanik.

Aurrez ere, 2004an, Auzitegi Konstituzionalak Gipuzkoako Auzitegiaren epaia baliogabetu, eta Auzitegi Nazional espainolaren alde egin zuen, halako auzietarako eskumena horri dagokiola esanda. Auzitegi bereziko fiskalak 2007ean eskatu zuen Otegiren auzipetzea, tiroketak «helburu terroristak» zituela argudiatuta.

jazarria

Ertzain patruila batek Otegiri Itsasondon zuen baserriraino jarraitu ostean gertatu zen tiroketa. Gazteak orduan salatutakoaren arabera, halako jazarpen ekintzak maiz egiten zizkioten, eta «erasota» ikusten zuen bere burua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo