GARA > Idatzia > Mundua

Txinaren lorpenak txalotu ditu Hu Jintaok Iraultzaren 60. urteurrenean

Desfile militar batekin ospatu zuen atzo Txinak Iraultzaren 60. urteurrena. 200.000 bat lagunek parte hartu zuen ekitaldian. Mao Zedongek Txinako Herri Errepublikaren sorrera iragarri zuen leku berean, urte hauetako lorpenak txalotu zituen Hu Hintaok.

p018_f01_199x108.jpg

GARA

Duela 60 urte, 1949ko urriaren 1ean, Mao Zedongek Txinako Herri Errepublikaren sorrera iragarri zuen. Atzo, Hu Jintao presidenteak, «Maoren trajea» jantzita -lepo luzearekin eta kolore ilunarekin-, egun hori gogoratu zuen ordubeteko desfile militar ikusgarri batekin. Jiang Zemin lehen ministro ohiarekin eta egungoarekin, Wen Jiabaorekin, bandera txinatarraren igoeran esku hartu zuen ereserki nazionala entzuten zuten bitartean. Plaza gorriz eta horiz jantzi zuten, alegia, Txinaren kolore nazionalekin.

Hamar urtetik behin, Gobernuak ospakizun handiak antolatzen ditu Iraultzaren urteurrena ospatzeko. Baina aurtengoa berezia izan da. Hala, Maok erabili ohi zuen mota bereko autoa, Hong Qui izenekoa, hautatu zuen Huk tropak ikuskatzeko. Bandera Gorria esan nahi du eta urteetan markarik ezagunena izan zen. Atzokoak bazuen berezitasun bat: pieza guztiak Txinan egindakoak ziren. Matrikulan 2009. urtea ipintzen zuen.

Zeruko Bakearen Atetik, Maok hitz egin zuen leku beretik, Huk herrialdearen berpizkundea txalotu zuen. «Modernizazioaren, munduaren eta etorkizunaren aurrean, esku artean dugun Txina sozialista hau irmo mantentzen da Ekialdean, eta aipaturiko hiru elementu horiei besarkada ematen die», plazaratu zuen presidente eta Alderdi Komunistako idazkari nagusiak. «Azken 60 urte hauetan, Txina berri honek bizi izan duen garapen eta aurrerapenak frogatu dute herrialdea salba dezakeen bakarra sozialismoa dela. Erreforma eta irekiera dira garapena, sozialismoa eta marxismoa berma dezaketen bakarrak», gaineratu zuen.

Ildo horretan, herritarrei «herrialde indartsua, demokratikoa, zibilizatzailea, aberatsa harmoniatsua, modernoa eta sozialista eraikitzeko estuki lotuta» egotera dei egin zien.

Krisi ekonomikoari eta barne arazoei aurre egiteko, batasuna eta indarra islatu nahi izan zuen Txinak. «Komunitate etniko guztietako herritar txinatarrak harro egon behar dute gure aberri handiaren garapenaz», berretsi zuen Huk.

Maotik hasi eta Huraino, buruzagi guztien erretratu erraldoiak erakutsi zituzten. Horiekin batera, «Gora Maoren pentsamendua» edo «Deng Xiaopingnen teoria sustengatu» zioten kartelak jarri zituzten kaleetan. 80.000 ikaslek «sozialismoa ona da» lelopean kartelak eraman zituzten. Liu Xiang eta Li Ning txapeldun olinpikoak ere bertan izan ziren. Beijing-eko Olinpiar Jokoen omenezko auto batetik, ikusleak, 200.000 bat, agurtu zituzten eskuekin.

Segurtasun neurriak ospakizunaren parekoak izan ziren. Hiriburuaren erdialdea asteazken gauean itxi zuten erabat. Soilik gonbidatuak, horien artean diplomatikoek, irits zitezkeen Tiananmen plazara. Agintariek hiritarrei desfile militarra eta gainontzeko ekitaldiak telebistaz ikusteko eskatu zieten.

zorionak

Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak eta Kubak Hu Jintao zoriondu zuten Txinako Herri Errepublikaren sorreragatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo