GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bozketa Irlandan... estatuek nahi dutena lortu arte

Gaur Irlandako Errepublikako herritarrak Lisboako Itunaren alde edo kontra bozkatzera deituta daude. Berriro ere bozkatzera deituta, alegia, duela urtebetetsu esan baitzioten ezetz Itunari, eta emaitza baiezkoa izan balitz ez baitzuketen berriro bozkatzeko aukerarik izango. Baina Europar Batasunarentzat garrantzi bizikoa da Lisboako Ituna, ez baitzen konstituzio proiektu bat aurrera ateratzeko gauza, eta ondoren, benetako Europar Batasuna -eta ez zenbait estaturen bilgunea soilik- den itxurak egin beharrak haren suzedaneoa adostera behartu baitzuen. Izan ere, gutxienekoak biltzen dituen akordioa da, eta klausulaz betea.

Nolanahi ere -Irlandako erreferenduma lagin bat baino ez da- bere burua demokratikotzat eta demokrazien eredutzat duen Europa honetan demokraziarik eza ezkutaezina da. Ez baita demokrazia estatuek herritarren iritziari bizkarra emanda hartzea erabaki garrantzitsuenak, haiei erabakitzeko aukera ostuta. Ez da demokrazia estatuek -eta ez herritarrek- nahi duten emaitza lortu arte behin eta berriz bozkatzea, Irlandan bezala. Ez da demokrazia europar gehien-gehienek ez orain, ez duela urtebete ezin izatea bozkatu, Itunaren gaineko iritzirik ezin izatea eman. Ez da demokrazia Europar Batasuneko herritar guztiak -horretan irlandarrak barne- horrelako jukutrien menpe egotea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo