GARA > Idatzia > Euskal Herria

Dotore jantzita ospatuko dute gaur Maritxu Kajoi Arrasaten

Txikiteroen Ama Birjinaren jai handia ospatuko dute gaur arrasatearrek. Festa dotorea denez, bertaratzen diren guztiek armairutik arropa hoberenak atera eta elegante jantzita joatea arau bihurtu da. Eskapularioa soinean eramatea ere ezinbestekoa da. Maritxu Kajoi herriko txikitero baten ateraldiaren fruitu omen da, eta parrandarako egun aproposa izaten jarraitzen du, antolatzen hasi zirenetik hiru hamarkada baino gehiago bete direnean.

GARA | ARRASATE

Iritsi da arrasatearrek urte osoan zehar itxaroten duten eguna. Maritxu Kajoi izenez ezagutzen da, herriko parrokiaren atzean dagoen Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren omenez. Txikiteroen zaindaritzat hartzen dutena, zurezko kutxa edo kajoi baten barruan dago eta hortik datorkio deitura festari.

Ohitura den bezala, jende andana batuko du gaur Debagoieneko herri honetan. Benetan jendetsua izaten da jaia eta giro aparta sortu ohi da herriko kaleetan zehar. Txikiteroen Ama Birjinaren ospakizunak egun osoan zehar parrandaz gozatzeko aukera eskaintzen die gerturatzen diren guztiei eta aurten ere ez da festarik faltako.

1977an hasi ziren Maritxu Kajoi ospatzen Arrasaten, eta diotenez, herriko txikitero baten ideia izan zen. Hogeita hamabi urte hauetan zehar etekin ederra atera diote proposamenari, eta Euskal Herriko jairik dotoreena, behintzat, bilakatu dute.

Izan ere, ia derrigorrezkoa da dotore jantzita hurbiltzea. Horretarako, armairuak arakatu eta trapurik ederrenak lortu behar dira arroparik eleganteenak soinean eramateko. Aldi berean, inork ahaztu behar ez duen beste zerbait eskapularioa da. Urtero ezberdina izaten da, eta mezu bat eramaten du atzealdean.

Txikito bat behintzat ordaindu

Parrandarako egun aproposa da Maritxu Kajoi eta egun osoan zehar Arrasateko kaleetan giro bikaina egoten da. Goizean goiz hasten da mugimendua. Lehen hitzordua 8.00etan jarrita dago «etxafleruen» burrunbadarentzat. Une horretatik aurrera hasten da jaia eta goizeko ordu txikietara arte luzatuko da.

Umorea da txikiteroen omenezko jaiaren beste ezaugarri nagusietako bat eta horren erakusgarri bakarra ez da herriak egun honetan hartzen duen itxura, festa antolatzeaz arduratzen den batzordeak ere bere ekarpena egiten du.

2009ko egitarauari begiratzea besterik ez dago umorearen eragina ikusteko. Urriko lehen ostiralean ospatzen da Maritxu Kajoi, eta aurten urriaren 2a egokitu da. Jai batzordeak egun honetan jaiotakoak omendu nahi izan ditu eta horregatik, egitarauarekin batera doan informazioarekin beren izenak argitaratu ditu komentario zirikatzaile batekin lagunduta.

70 bat pertsonaren izenak agertzen dira, eta horien artean honakoak: «Angela Iriondo Amiama, Txismosie», «Felix Rubia Prieto, Zerbezerue», Jon Nuño Vitoriano, Zeledon» edo «Miguel Angel Alonso Bermejo, Ministrue». Guztiak zoriontzeko erabiltzen duten leloan ere umore puntua nabarmena da: «Ondo pasau, gutxi gastau, baina mesedez, txikito bat behintzet ordaindu!».

Hitzarmenak eta flamenkoa

Esan bezala, Maritxu Kajoiko egitarauak ondo pasatzeko aukera andana eskaintzen du, irribarre zabala eraginez. 10.00etan hitzarmen ofizialaren sinadura dago Maritxu Kajoi Batzordea eta Udaltzaingoaren artean. Ibilgailuan eskapularioa zintzilik daramatenek isunetan %50eko beherapena izango dute.

12.00etan txikiteo «ilustratua» egingo dute Azkuna eta «Pasalo» programakoekin, Donostiako bulebarrean, nahiz eta ez diren gonbidatuak izan. 18.00etan Mokillo eta Jamonzinekin kontzertua izango da Aretxabaletan. Hango lorategietatik loreak hartzeko mezua zabaldu dute. Horren ondoren, Dragoialde txarangaren ordua helduko da eta 19.30ean Oria txarangaren txanda. Ordu berean, Arrasateko konpartsa txikiek lore eskaintza egingo dute.

20.00etan Seber Altuben Realeko jokalarien kabareta egongo da ehungarren urteurrena ospatzeko eta 20.30ean Maritxu Kajoiri lore eskaintza egingo diote urteko parrandak eskertuz, eta krisiak txikiteoa ez zapuzteko eta hurrengo urtean ere bertan egoteko. Amaitzeko, Itziarren Semeak taldea, karpa flamenkoan, eta Luhartz-en dantzaldia, herriko plazan.

«ETXAFLERUEK»

Goizeko zortzietan jarrita dago jaiari hasiera emateko hitzordua, «etxafleruen» burrunbadarekin. Hortik aurrera festa giroa nagusituko da herri osoan hurrengo goizaldera arte.

LORE ESKAINTZA

Arratsaldean, 20.30ean egingo diote Maritxu Kajoiri lore eskaintza, urteko parrandak eskertzeko. Kontzertuak 00.00etan hasiko dira. Itziarren Semeak taldeak txosnagunean joko du, eta Luhartz-ek, herriko plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo