GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Arrantzaleak urrun eta arriskupean

Duela hilabete «Alakrana» Bermeoko atun ontziak eraso batetik ihes egin zuen Indiako Ozeanoan. Atzokoan, ordea, harrapatu eta bahitu egin zuten ur haietan, tripulazioko 36 lagunek -haietatik zortzi euskal herritarrak- etxetik urrun ez ezik, arrisku biziaren pean ere jarduten dutela ezin argiago utzita. Somalia, huts egin duen estatu horietakoa izaki, egoera politiko ezin nahasiagoan bizi da, gerra egoera etengabean eta hutsune legal nabarmeneko inguruan. Hori dela-eta, beste hainbat herrialdetako uretan ezin dena egin egiteko aukera dago han. Besteak beste, hainbat arrantzale euskaldun ur haietan jarduteak agerian jartzen du zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen. Egia esan, ez da inongo itsasontziren bahiketarik behar sektorearen gainbeheraz ohartzeko, sistema ekonomiko harrapari batek eragindako egiturazko arazoa nabarmena baita, eta arrantzaleak Somaliako uretara joan beharra bera da arrantzaleen egoera kaskarraren erakusgarri. Ez dirudi irtenbiderik onena arrantzaleekin armada joatea denik, horrek arazoaren tamaina erakutsi baino ez bailuke egingo, baina ez konpondu. Arrantzaleen segurtasuna lehenetsi egin behar da, jakina, baina kausak aztertuta heldu arazoari. Nolanahi ere, orain Bermeoko atun ontziko tripulazioko 36 lagunek dute lehentasuna, eta premia bizikoa da egin beharreko guztia egitea lehenbailehen etxean onik izan daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo