GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | Zurriola Ikastola sortu zutenei omenaldia

Guraso eta irakasleek 42 urtetako sentimenduak argitara atera dituzte

Emozio handia sumatzen zen Zurriolan: ez zegoen inor geldirik, batzuk muralak margotzen ari ziren, besteak zintak jartzen, txosnak muntatzen... Baina orain 42 urte ikastola sortu zuten guraso eta andereñoen eguna zen atzo eta eurek zeuden hunkituen.

p026_f01.jpg

Maider IANTZI I

Kontxita Beitia da Zurriola ikastola sortu zuten andereñoetako bat. «Oso garrantzitsua da niretzat ekitaldi honetan parte hartzea -adierazi zion GARAri-. Ze ilusioa hona etorri eta urte askoan ikusi gabeko lagunekin egotea! Ezin duzue imajinatu zer nolako plazerra den! Urte haiek bizi behar ziren gaurkoak zer esanahi duen ulertzeko».

Eraikin nagusian, Hurra izenekoan, Beitia eta beste hogei bat aita-ama eta irakasle berriketa alaian ari ziren, argazkilarien klisk-klisk hotsari erreparatu gabe. Izan ere, zenbat oroitzapen eta kontu izango ote zituzten partekatzeko! Mari Karmen matematikako irakasleak agertu zuen bezala, urte anitzetan gordetako sentimenduak atera zituzten argitara, hasierako urteetan hagitz eurena sentitzen zutelako ikastola. «Gero, handitzearekin batera -mila ikasle baino gehiago dituzte orain- familiekin genuen tratua aldatu egin da, baina euskararen alde egiteko nahia inola ere ez».

Hasieran, Ramon Maria Lili kaleko lokal batean eman zituzten eskolak eta, hain zuzen ere, bertan egondako jendea batu zen bestan. Guraso eta irakasle horiek gaur milaka eta milaka lagunek egingo duten ibilbidearen zati bat estreinatu zuten. Hurratik Saguesera eta handik Kursaalera joan ziren eta ondotik bazkari eder bat egin zuten elkarrekin kontu kontari.

Poz handia sentitu zuen Kontxitak Kilometroak Zurriolak antolatu behar zuela jakin zuenean. «Zurriolarekin zerikusia duen guztia oso garrantzitsua da, familiakoa bezalakoa da, gure etxeko gela batean biltzen baikinen eta han jaio baitzen ikastola. Euskara etxeko txokotik kanpora ateratzeko garaia zela aipatu genuen, eta aita-amekin hitz eginez kalera atera eta lokal batean lanean hasi behar genuela erabaki genuen. Gurasoekin eta lagun, senide eta lankideekin zuzendaritza batzorde bat osatu eta lehen urratsak eman genituen».

Beitiari eta 60ko hamarkadan, frankismo garaian, ikastolak sortu zituzten gainerako andereño gipuzkoarrei urrezko domina emango die Aldundiak, Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, gure herriak bizirik jarraitzeko garrantzi izugarria izan dutelako. Donostiako emakumea pozarren zegoen aitorpen honengatik ere: «Aldundikoekin bildu gara hau nola antolatu erabakitzeko, baina jaia ez da abenduaren erdialdera arte egingo. Badirudi oso ospakizun solemnea egin nahi dutela».

«Une goxoan gaude»

«Benetan une txarrak bizi izan ditugu, baina orain momentu goxoan gaude, oso gustura», jakinarazi du Beitiak. Ikastolen etorkizuna oso ona izango dela iruditzen zaio: «Honaino iritsi bagara, ez dugu atzera egingo, hori inoiz ez; beti aurrera. Erronka oso garrantzitsuak ditugu, Zurriolak, zehazki, erronka izugarria du, baita Pasaiak ere. Pasaiako lehen andereñoa ere banaiz. Dena elkartzen da. Datorren urtean 50 urte beteko ditu ikastola horrek».

Zurriola Barandiaran lizeoarekin elkartu da; Zurriola Barandiaran izena du orain ikastolak. Eraikin berri bat egin behar da eta proba garrantzitsua deritzo horri: «Lur eremu bat erosi eta inguru honetan eraikin bat egitea ez da erraza izango, eta espero dugu Kilometroak jaiak asko laguntzea. Eguraldi on honekin ziur Gipuzkoak bakarrik ez, Euskal Herriak ere dena emango duela».

Garai txarrak edo zailak aipatu ditugu eta irakasleak bi pasadizo kontatu dizkigu horien adierazgarri: «Ikastola martxan jartzen saiatzen ari ginenean bi salbuespen-egoera izan ziren. Tabernetan ere ezin genuen bilerarik egin, ostatu batean lau pertsona elkartzea legez kanpokoa baitzen. Oroitzen naiz Gabon-gauean ikastolako kideak banaka-banaka sartu zirela gure etxera, susmorik ez pizteko».

Beste batean Jose Antonio Palacios inspektorea etorri zitzaien gobernadore zibilak Gipuzkoako ikastola guztiak itxi nahi zituela esanez. «Inspektoreburua berarekin dago eta hori ezin dela egin ulertarazi nahi dio, baina badaezpada abisatu egiten dizuet. Hemen norbait egotea komeniko litzateke», ohartarazi zien. Hortaz, gau osoa ikastola zaintzen eman zuten. Hurrengo goizean dena konpondu zela ziurtatuz lasaitu zituen inspektoreak.

Mari Karmen Mujika matematika irakasleak ez zuen ikastolaren sorrera ezagutu, baina bai ondoko urte guztiak eta oraindik bertan darrai. 1970ean hasi zen lanean; bost gela besterik ez zeuden eta bost irakasle, Ramon Maria Liliko etxabe batean. «Gurasoekin eguneroko tratua genuen, oso-oso familiakoa eta goxoa zen garai hartako ikastola», ekarri du gogora. 70-80 ikasle izango ziren gela ilun batzuetan sartuta. Jolasak pareko espaloian egiten zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo