GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Adarretatik lurrari eutsi

Sua izan da nagusi egunotan. Su aurrizkia esan gura dut. Sumatra, lurraren ikara eta ikara horren ondorioak hondakinen artetik sentitu eta ikusteko modua izan dute han, berriro ere, orain arteko esperientziaren gurpilak koska gehiago dituela orain. Sumindura, beheko Estatuaren hiriburuko gune nagusietatik zabaldu zena Jokoen hiria jokoan zela eta bozgorailutik Rio de Janeiro izen ozena entzun behar izan zutenean, horrela erakunde armatuari ofizialean 2016rako ipini zioten iraungitze-data airean geratu dela. Sumariera, beheko Estatuaren hiriburuko gune nagusietan Rio de Janeiro izen ozena entzun eta segituan pandemia modura zabaldu zen birao-erauntsian gehien erabili zen hizkuntza. Sumoa, kirolaz nago orain, euskal sumo selekzioak ezin izango baitu nazioartean lehiatu beheko Estatuak beren-beregiko baimena eman arte; itxura batean, hemengo mitxelinak prest daude erregutan hara jotzeko. Hernani, ez, ez nago oker, sumario batean irakurri baitut alkatea lekutik bidaltzeko beheko Estatuan duten asmoa, are gehiago haserretuko dira han Hernanik Rio de Janeirorekin senidetze-ituna sinatzean. Sumoa, tira, Samoa esan gura dut, Kristori pankarta urratu zioten urruneko paraje haietako uharte leun txikia, tsunamiak dena berdinduta, hondakinetan berdindu ere, utzi ondoren ikasi baitute zer garrantzia duen gertu mendia izateak, tontorrean gurutzeak egon behar badu ere. Sumalia, tira, Somalia da berez, ondo sumatu duzun moduan, baina hartu erru tipografikotzat eta puntu. Fikzioak eta errealitateak bat egiten duten ozeano bazterra, bataren eta bestearen atzean janzkera desberdineko piratak direla. Sudurra, lehengoan Tiananmen plazan izandako desfilean lerro guztietako soldadu guztiek jantzi zuten luzera bereko sudurra, epe motzera Arkauteko patioan izango diren desfileetarako manuaren erreferentzia, horretarako batzuen sudur luzea, aita arotza zeukan mutiko harena motz uzten duena, kamustu behar badute ere. Sute batzuk ere izan dira non edo non, baina horiek apenas izan dute suarekin lotura, aurrekoekin alderatuta. Eta bitartean bertoko pagadi bateko pagoetan biodibertsitatearen onerako derrigorrezko espeziea ageri da, lurra uzteko eta zuhaitzetan eusteko abilezia garatu duena. Hauxe kolpea! Adarretatik dabiltza lagunak lurra defendatzen lurretik dabiltzan arerioak adarretatik ari diren bitartean. Eutsi goiari! Besarkada!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo