Euskaraz bizitzeko hautua lehenesteko deia egin die herritarrei EHEk
GARA |
Euskal Herrian Euskaraz-ek urteko batzarra egin zuen atzo Etxarri Aranatzen eta ondorio nagusi bat atera zuen bertatik: «Euskarak lehentasuna behar du esparru guztietan, gugandikhasita».
Gure egunerokoan, erdarekiko sumisioa bukatu eta euskaraz bizitzeko aukera egin behar dugula deritzo elkarteak, «norbanako bakoitzak egin beharreko autodeterminazio ariketa gisa». Berdin maila politikoan eta juridikoan, «euskarak lehentasunezko estatusa behar baitu Euskal Herri osoan».
EHEren dinamika norabide horretan kokatu zuten eta herri euskalduna eraikitzeko bi zeregin garrantzitsu dituztela oroitarazi zuten: normalizazioaren eta hizkuntzaren aurkako zapalkuntzari erantzutea batetik, eta herria euskaraz bizitzeko egitasmoak eraikitzea bestetik. Ildo horretan, azaroan ekinen diote Ezabaketa Asteari, herri eta auzoetatik hizkuntza eskubideen zapalkuntzari aurre egiteko.
30. urteurrena dutenez, egindako ibilbidea azalduko dute eta euskaltzaleak elkarlanean biltzeko egitasmoak jarriko dituzte martxan. Arazoaren 4an berriwebgune berritua eta mezuen hedapenerako ohiko bertze tresnen berrikuntza aurkeztuko dituzte, adibidez.
Azkenik, herritarrak animatu zituzten: «Guztion artean eta bakarka, ekin diezaiogun Euskal Herri euskalduna helburu duen bideari», dei egin zuten. Eurek horretarako behar den indarra eta bitartekoak jarriko dituztela agindu zuten.
Erronken berri eman baino lehen, egoeraren azterketa egin zuten eta azaldu zutenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara oraindik, ezin gara euskaraz bizi, baina ez gaude inolaz ere itota eta elkarlana sustatu behar dugu.