Clermont
Avironek etxetik kanpo jokatzen ez du asmatzen
J.L. | BAIONA
Avironi etxetik kanpo jokatzea ikaragarri kostatzen zaio. Gaitza ez da aurtengoa bakarrik, aurreko urteetan ere gauza bera gertatu izan zaio, eta iaz horrexegatik geratu zen Heineken Kopa jokatzeko txartelik gabe. Aurten ere bide bera darama.
Aurkari zaila zuen Avironek, Clermont Liga irabazteko faboritoetako bat baita, baina Perpinyan eta Tolosan itxura bikaina emana zuten zuri-urdinek eta atzorako ere bazegoen itxaropenik. Atzo, ordea, euskaldunek ez zuten beren maila eman, eta berriro ere esku hutsik geratu behar izan zuten.
Etxekoak lehen minututik atera ziren erasora. Avironek bere jokoa egin nahi zuen. Aurrean presioa egin, jokatzen ez utzi, eta hegaletan duten abiadura horretaz baliatu puntuak batzen joateko. Alabaina gauzak ez zitzaizkien nahi bezala atera.
Clermontek ere bazekien zuri-urdinen jokoa nolakoa zen, eta horixe ekiditen jakin zuten. Zuloak ongi itxi, eta baloia ahalik eta gehien eskura jokatu.
Baionarren ahaleginak alferrikakoak izan ziren, ezin baitzuten nahi zutena egin, eta Clermonten sendotasunari aurre egin ezinik ibili ziren. Atseden hartzera, 23-10 galtzen joan ziren.
Albiren aurka bigarren zatian nabarmen egin zuten gora, eta bazegoen atzo ere horrela gertatuko ote zen itxaropenik, baina Clermont ez da Albi. Zerbaitegatik dago atzoko aurkaria sailkapeneko lehen postuetan, joan den astekoa, berriz, azkenekoan.
Bigarrenean ere gauzak oso gutxi aldatu ziren, eta etxeko taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen. Orain arte atzean sendo aritu izan da talde lapurtarra, baina atzokoan lau entsegu hartu zituen, eta denboraldiko lehen partidetan entseguak egiteko zuen abilezia ere kolokan jarri da orain, atzo bat besterik ez baitzuen lortu.
Lapurdiko hiriburukoen asmoa sailkapeneko lehen seien artean sartzea da, baina oraingoz eta gauzak dauden moduan, onena mailari eusteko erronkari ekitea izango da, bigarren itzulian etxean partida gehiago izango dituzten arren.