GARA > Idatzia > Kultura

Jone Uriak pilatu zuen txalo gehien eta puntu gehien

Gaztea da txapelketa, saio bat besterik ez du. Atzoko saioa, gaztea zen; 23,6 urte batez beste. Eta gazteenak lortu zuen puntu gehien pilatzea. Jone Uriak dagoeneko hartu du finalaurrekoetarako aulki bat eta bere izena jarri dio. Bai, bai, oholtza gainean. Akaso ez zuen asko esperoko, baina Zestoan egin zuen saioa eginda, ez zen harritzekoa. Atzetik eta gertu, oso gertu, geratu zen Uxue Alberdi. Lehen saioan bertso onak eta urduritasuna elkarren ondoan izan ziren.

p056_f01.jpg

Amagoia MUJIKA |

Ordu erdi lehenago ilarak Gurutzeaga pilotalekuaren atarian. Sarrera guztiak agortuta eta jendea zain, barrura sartzeko itxaropenez. 750 lagunentzako tokia zegoen prestatuta eta kabitzen ziren guztiak sartu ziren. Zura taldeak txapelketarako egindako «Bertsoka-bertsoka» sintoniak erritmoa jarri, eta bertsolariak oholtzara abiatu zirenean sekulako txalo zaparrada sortu zen Zestoako Gurutzeaga Pilotalekuan. Eta oraindik bertso bat bera ere ez zen entzun. Bertsozalea gogoz zegoen seinale.

Saioak hasiera ona izan zuen. Txapelketako lehendabiziko zortziko nagusia Iñaki Gurrutxagak eta Uxue Alberdik josi zuten, eta txukun gainera. «INEMeko bi langile zarete. Egunero bezala, goiz erdian kafea hartzera atera zarete langabe ilara luzea han utzita». Horixe, gaia. «Ta gu zergatik gaude hain triste lanik gehien dugunean», galdetu zion Gurrutxagak lehenengoan. Uxuek oso irudi ederra marraztu zuen erantzunean, «ta egunero luzeago da INEMen aurreko kola/ iruditzen zait laister mundua(r)i buelta emango diola». Orokorrean, Alberdi oso erregular aritu zen saio guztian, koska bat gorago.

Jone Uriaren ateraldiak

Zortziko nagusian eman zuen Jone Uriak, 19 urteko algortarrak, lehendabiziko abisua. Oihana Bartrarekin batera ariketa bikain josi zuen. Bikote baten paperean jarri zituen Inazio Usarralde gai-jartzaileak. «Ez da denbora asko semea etxetik joan dela. Oraintxe sartu da atetik tuperrak eskuan hartuta». Uriak aitaren papera hartu eta hiru arrazoi bikain bota zituen; «nik ere berdin egingo nuke inoiz bananduko bagina» esanez hasi zen amari (Oihana Bartrari). «Badakizu ama hemen daukazu zuk behar duzunerako», bukatu zuen hirugarrena. Bertsozaleak asko txalotu zituen Uriaren ateraldiak eta Bartrak ere txukun eutsi zion.

Eta zortziko txikian ere Uria txalotzen jarraitu zuen bertsozaleak. Iñaki Gurrutxagarekin egokitu, eta biak aritu ziren ondo, umorez eta lasai antzean, kasik txapelketa zela ere ahaztuta. Izan ere, atzoko bertso arratsaldeak bietatik izan zuen; tenpletik eta urduritasunetik. Aise botatako bertsoak entzun ziren, baina tartean isilune deserosoak ere izan ziren.

Puntuari erantzuteko ariketarekin batera saioa epeldu egin zen pixka bat, behera egin zuen. Eta berdintsu hamarreko txikian ere. Odei Barrosok eta Jone Uriak hasi zuten hamarreko txikikoa. Barroso, oro har, urduri aritu zen saio guztian, bere tokia ezin topatu. Azken agurrean berak hala aitortu zuen, «Odeiek gaur buruan ez al tzun hodei ugari/ Barrosok dena borroso ikusi du eta adi...».

Miren Artetxek ere ez zuen arratsalde ona izan. Bizpahiru ariketetan trabatu egin zen eta kostata bezala ibili zen. Hala ere, bere irribarrerik ederrenarekin agurtu zuen saioa, «jokoa hemen bukatzen zaigu jolasak aurrera darrai», abestu zuen azken agurrean.

Hamarreko txikiko ariketan txukunen Uxue Alberdi eta Oihana Bartra aritu ziren. Ama-alaben paperean, ezkontza egunean azaltzen ez zen ezkongaiaren zain jarri zituen gai-jartzaileak. Bartra ondo aritu zen ariketa honetan, bere mutil-laguna agertuko zen itxaropenarekin. Eta, azkenean, agertu zitzaion Aitor. Hori bai, kartzelako ariketara arte itxaron behar izan zuen Bartrak. Izan ere, kartzelakora oso ondo ekarri zuen hamarreko txikiko gaia.

Hauxe zuten, hain justu, kartzelako gaia: «Esku artean duzu sinatu beharreko papera». Gurrutxaga hasi zen ezkondu zenaren ahotik hizketan eta hirugarren bertsoko azken puntura arte ez zuen esan homosexualen arteko ezkontza bati buruz ari zela. Puntada polita eman zion amaieran, baina beranduegi akaso.

Uxue Alberdi tratu txarrak jasotzen dituen emakume baten azalean sartu zen. Salaketa zen sinatu zuena. Bigarrena, ederra: «Nola izan leike pertsona hola suntsiarazteko ahalmena/ ni jo ta gero burua altu kale guztitan barrena/ salatu zazu salatu zazu nere barruko ordena/ baina ai nondik ateratzen da holakoetan kemena/ gaurkoan behintzat atera dut eta hau da egin behar dena/ norberak bere bihotz barruan sinatzea da zailena».

Barrosok ere ezkontzaren bidea hartu zuen; Artetxek, paperik gabeko etorkinarena eta Uriak, adoptatzeko paperak sinatzen dituenarena.

Txapelketa Nagusia
Bertsoka

Bertsolari bat trabatzen denean, isilik geratzen denean, bukaerak alde egiten dionean, berak adina sufritzen du entzuleak. Enpatia berezi bat sortzen da, giro berezi bat. Atzo, Zestoan, bertsolari bat baino gehiago trabatu zen, eta batzuk behin baino gehiagotan. Artetxe bertso erdian trabatu egin zen, pixka batean isilik geratu, eta berriz hasi zuen bertsoa hasieratik. Une horretan hori egitea ez da batere erraza. Ausarta da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo