GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Alfonso Perez zelaian

Bilardo-Menotti eztabaida antzua ahazteko aukera

Futbol eskasa egin duen Osasunak hirugarren garaipena bilatuko du Getafe irregularraren etxean.

p045_f01.jpg

GETAFE-OSASUNA

GARA |

Ia futbola bezain zaharra den eztabaida euren aldera ekarri nahiko dute gaur Getafek eta Osasunak gaur arratsaldean Alfonso Perez Coliseumean. Izan ere, sailkapenean bien artean puntu bakarreko aldea dagoen arren, oso ibilbide desberdinak izan dituzte bi taldeek aurtengo denboraldian. Michelenek, tarteka joko ikusgarria eginda -Valentziaren eta Racingen aurka kasu- bi garaipen eskuratu dituzte. Osasunak, berriz, oso gutxi eginda, ondoz ondoko hirugarren garaipena nahi du gaur, egindako aukera urriei sekulako etekina ateraz. Bilardoren aldekoen eta Menottirenen arteko eztabaiden arteko muturreraino joan gabe, joko eta emaitzen arteko lehia izan daiteke gaurkoa.

Ederki sufritutakoak izan arren, Valladoliden eta Gijongo Sportingen aurka eskuratutako garaipenek sekulako lasaitasuna ekarri dute Iruñera, eta gorritxoek sekulako aurrerapausoa eman lezakete gaur irabazteko gai izanez gero. Kontrastez beteriko zelaia da Getafekoa iruindarrentzat, esaterako, iaz 3-0 galdu zuten, baina orain bi denboraldi 0-2 irabazi zuten.

Aldaketa bakarra

Gauzek martxa ona dutenean ez aldatzea izaten da onena eta horrexegatik apenas aldatuko du Jose Antonio Camachok iragan igandean Sadarren Sportingi irabaztea lortu zuen hamaikakoa. Azpilikuetak hogei urtetik beherakoen munduko txapelketan jarraitzen duenez, Oierrek izango da oraingoan ere atzealdeko eskuin hegalean, eta aldaketa bakarra zelai-erdiko ezker alboan etorriko da Ciezako entrenatzaileak atzo iragarri zuenez. Aurten Huelvako Recreativotik fitxatutako Camuñas hasierako hamaikakoan izango da, Masoud iraniarraren ordez. Gorritxoen entrenatzailearen iritziz, madrildarrak askoz gehiago lagun dezake defentsa lanean eta horrexegatik bere aldeko hautua egingo du etxetik kanpo jokatzeko.

Inolako artifiziorik gabe Osasunak egonkortasuna eskuratu duen bitartean, Michelek zuzentzen duen Getafek bi aurpegi oso desberdin erakutsi ditu jokatutako bost partidetan. Liga lider izanik hasi zuen Racingi lehen jardunaldian bost gol sartu ostean, Valentziari ere sekulako errepasoa emateko gai izan ziren madrildarrak, baina Bartzelona ahalguztidunaren aurkako porrota balekotzat eman daitekeen arren, Almeria eta Zaragoza igoberriaren aurka oso itxura eskasa eman zuten. Onenerako eta txarrenerako gai dela erakutsi du beraz.

Joko bolada ona berreskuratu nahian, Getafeko entrenatzaileak hainbat aldaketa egin litzake hasierako hamaikakoan, Zaragozan aulkian izan zituen bere seme Adriani eta Osasunan aritutako Soldadori titular izateko aukera emanez. Zalantzak orain arteko minutu guztiak jokatu dituen Celestinirekin izango ditu, min hartuta izan baita. Pedro Leonek, aldiz, gainditu ditu bere minak.

«Irabaztera irteteko hezita gaude»

Nahiz eta partidaren garapenaren arabera puntua ona izan daitekeela onartu, Jose Antonio Camachok argi utzi zuen atzoko prentsaurrekoan bai Osasuna bai Getafe garaipenaren bila irtengo direla gaurko partidan. «Sekula ez dago jakiterik, berdinketa batekin pozik edo haserre amai dezakezulako, baina argi dagoena da Michel eta ni irabaztera irteteko heziak izan garela. Gero partidan gertatzen dena beste gauza bat da, baina bi taldeak irabaztera irtengo gara».

Real Madrilen elkarrekin aritutakoak dira gaur aulkietan eseriko diren bi entrenatzaileak eta ez zion garrantzi handirik eman nahi izan Michelek astean zehar egindako adierazpenei. Madrildarrak Osasunak «arma gutxi, baina oso ondo erabiltzen dituela» adierazi zuen. «Ez dakit zer esan duen, baina esandakoa ondo esandakoa izango da. Bakoitzak bere armak ditu eta gurea partida irabaztera irtetea izango da. Gero zortzi aukera egin eta bakar bat ere ez sartzea gerta daiteke, eta aurkariak bakarra egin eta hura sartuta irabaztea. Diruak futbolean `gol' izena du», esan zuen gorritxoen entrenatzaileak. GARA

Soldado

Liga Pitxitxi gisa hasi zuen Osasunan aritutako aurrelaria berriz ere hasierako hamaikakoan jarriko du Michelek, aurreko astean Zaragozaren aurka aulkian izan ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo