GARA > Idatzia > Ekonomia

Arrantzaleentzat «kolpe latza» izan da antxoaren gaineko debekuak jarraitzea

Europako Batzordeak antxoaren arrantzaren debekua bere horretan mantentzea erabaki du, gutxienez 2010eko uztailera arte, eta erabakia atsekabe handiz hartu dute euskal arrantzaleek. Era mugatuan izanda ere, udaberrian antxoa berriz arrantzatzeko itxaropena zuten.

GARA

Aurreko egunean iragarri bezala, Europako Batzordeak Bizkaiko Golkoan antxoa arrantzatzeko debekua bere horretan mantentzea erabaki zuen atzo, gutxienez hurrengo urteko uztailera arte. Erabakia «kolpe latza» izan da euskal arrantzaleentzat, «irrikaz» espero baitzuten debekua bertan behera geratzea eta berriz ere antxoa arrantzatu ahal izatea. Iñaki Zabaleta Bizkaiko arrantzale kofradietako presidenteak atzo nabarmendu zuenez, debekuaren ostean jada sei urte emango dituzte antxoa arrantzatu gabe.

«Tentsio handiko egoera da», adierazi zuen Zabaletak. Horrez gain, sektorea «oso atsekabetuta» dagoela azaldu zuen, ilusio handia baitzuen 2010eko udaberrian antxoa arrantzatzen hasteko, nahiz eta kopuru txikian izan.

Bizkaiko kofradien arduradunak udaberrian antxoaren egoerari buruz egindako txostenak «negatiboak» izan zirela onartu zuen arren, udazkenean egingo diren ikerketek antxoa kopuruaren hazkundea islatuko dutela espero dutela nabarmendu zuen. «Guk nahi duguna arrantzan hastea da», adierazi zuen Zabaletak.

Bere aldetik, Gipuzkoako arrantzaleen kofradietako Baliabide zuzendari Leandro Azkuek Europako Batzordeak horrelako erabakirik hartzerik ez zutela espero onartu zuen; ez hori bakarrik, euskal ontzidiak udaberriko txostenei itxaroten lurrean geratzerik ez duela gaineratu zuen.

Azkueren iritziz, Europako Batzordeak jarrera «erosoegia» du antxoaren auzian, «maiatzetik maiatzera» lan egiten duelako eta ez dituelako kontuan hartzen udazkenean egiten diren txostenak. Zabaletak bezala, Azkuek ere udazken honetako ikerketek antxoaren egoeraren bilakaera «itxaropentsua» berretsiko dutela uste du. Ildo horretan, Azkuek administrazioei auzian «eskua sartzeko» eskatu zien, Elena Espinosa Arrantza ministro espainiarrak Europako bere kideak konbentzi ditzan arrantza kopuru mugatua baimen dezaten.

Legatza eta beste espezieak

Antxoaren debekuaz gain, Europako Batzordeak Ozeano Atlantikoko iparraldeko uretan legatzaren arrantza %10 gutxitzea eta hegoaldeko uretan %15 handitzea erabaki du. Era berean, Iberiar penintsulako uretan beste hainbat espezieren arrantza gutxitzea ere proposatu du; hala nola, zigala %10, zapoa %25 eta oilarra %15.

Europar Batasuneko Arrantza ministroek bilera garrantzitsua egingo dute Bruselan heldu den abenduaren 14an. Bilera horretan, arrantza kuotak negoziatuko dituzte.

%40 gutxiago

Gipuzkoako kofradietako ordezkari Leandro Azkuek adierazi duenez, antxoa arrantzatzeko erabateko debekua mantenduz gero, arrantzaleen diru sarrerak %35 edo %40 jaitsi daitezke heldu den urtean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo