GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen Legea eta parte hartzea aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute

Pasa den astean Gasteizko Parlamentuak atzera bota zuen errausketaren aurkako plataformen koordinadorak bultzatutako herri ekimena. EAJ, PP eta PSOEren jarrerarekin haserre agertu ziren atzo, 35.000 sinadura aurkeztu arren, bost minutu ere eskaini ez dizkietelako.

Maider EIZMENDI

Errausketaren aurkako herri plataformen koordinakundeko kideak haserre agertu ziren atzo, pasa den astean Gasteizko Parlamentuak gaikako bilketa intentsiboa bultzatu eta errausketa baztertzen duen Hondakinen Legea eratzeko herri ekimena eztabaidatzeari uko egin ostean.

Gogora ekarri zutenez, sei hilabetez lan eskerga egin dute beharrezkoak ziren 35.000 sinadurak batzeko. Horiek ekainean aurkeztu zituzten eta, gogor salatu zutenez, «ez dute balio izan bost minutuko arreta jasotzeko ere».

Maria Luisa Sanchez eta Kepa Olaiz koordinakundeko kideek aditzera eman zutenez, EAJk, PSOEk eta PPk «haientzat demokrazia parte hartzailea zer den ikasteko benetako lezioa eman digute». «Herri ekimen bidezko legea prestatzea baimendu ziguten, 35.000 sinadura biltzen utzi ziguten eta, ordea, Legebiltzarrean gure proposamena aztertzeko unea heldu denean ez egokitzat jo dute ekimena», salatu zuten.

Honen aurrean plataformako kideek zera galdegin zuten: «Zertarako horrelako herri ekimenak baimendu edo jauntxo hauen hain gustukoak diren demokrazia parte hartzailea bezalako kontzeptuak erabili, azkenik hauek bakarrik mintzatzeko eta ez erabakitzeko badira?».

Euren esanetan, EAJ, PSOE eta PP alderdiei -hiruek eman zuten aurkako botoa- bost axola zaie hainbeste pertsonek hiru lurraldeetan hiritarren sinadurak biltzeko egindako ahalegina eta inbertitutako dirua eta materiala. «Hainbat astez instituzioetan iritzi ezberdinak defenditzeko aukera zela sinetsarazi nahi izan digute, beste mota bateko proposamenak aurrera eramateko aukera bazela sinetsarazi nahi izan digute», kritikatu zuten.

Koordinadorako kideek, hala ere, alderdion jarrera 35.000 herritarrek ondo gogoratuko dutela ohartarazi zuten: «Aspalditik dakigu, esaterako, errauskailuak ez duela kutsatuko, zabortegiak ez direla beharko, bosgarren zaborrontzia atez ateko bilketa baino eraginkorragoa dela edo zaborrak erretzea sistema garbiena eta seguruena dela esaten dutenean, hori guztia gezur hutsa dela».

Eztabaida saihestu arren, aurrez aurre izango dituztela berretsi zuten eta bide horretan azaroaren 28an Donostian manifestazioa egingo dutela iragarri zuten: «Oraingoan ez dugu bakarrik zaborren gestio osasuntsu eta iraunkorra eskatuko edo zaborren gaineko euskal legea errebindikatuko. Oraingoan benetako gizarte demokratikoa eta parte hartzailea exijituko dugu; iritzi ezberdina izateko eskubidea aldarrikatuko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo