GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Belaunaldi berrien maila neurtzeko jardunaldia

Bigarren Mailako txapeldun izandako Mikel Beroiz eta Mikel Olaetxeak Oinatz Bengoetxea eta Julen Retegiren aurka jokatuko dute Iruñea eta Errenterian.

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Belaunaldi berrien sarrera izan da aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketaren berrikuntzarik nagusienetakoa, eta, Aritz Lasak debutean egindako lan bikainaren ostean, iazko Bigarren Mailako txapeldunei Lehen Mailarako jauzia egiteko gai ote diren erakusteko tenorea heldu zaie. Hori bai, ez dute lan erraza izango. Kantxa osoan txapela jantzi zuen Mikel Beroizek Lehen Mailan distantzia horretan irabaztea zer den badakien Oinatz Bengoetxearen aurka jokatu beharko du, eta Mikel Olaetxeak kaiolako txapeldun izateak ematen duen aukera baliatu nahiko du, jauzia duela gutxi eman zuen Julen Retegiren aurka, Errenterian.

Zalantzarik gabe, Mikel Beroiz da azkenaldian Lehen Mailan egonkortzeko denborarik gutxien behar izan duen pilotaria. Irailaren 14an bete zen urtebete profesionaletara salto egin zuenetik eta tarte horretan Bigarren Mailako buruz buruko txapela lortu du, estelarretako ohiko atzelaria bilakatu da eta San Mateotako torneoa irabazi du Juan Martinez de Irujo adiskidearekin batera. Manomanista nagusian parte hartu zuen lehen aldian txapela jantzi zuen Iberoko aurrelariak sei urte behar izan ditu udako torneo bat irabazteko.

Oso gazte zela heldu zen Oinatz Bengoetxea ere onenen artera, baina txapeldunaren gorriz jantzita jaso zuen kaiolan bere porrotik handiena, iaz Olazabalek lehen kanporaketan kanporatu baitzuen Tolosan. Leitzakoak «lezioa ikasi» omen du eta ez du berriz oztopo berean estropezu egin nahi. Leitzakoak berriki onartu duenez, baliteke txapeldun izatearen zamak iaz bere jokoan eragina izan izana; aldiz, egun «helduago» ikusten du bere burua eta jokatzeko prest da.

Errenterian ere, gazteak

Errenterian ere partida izango da gaur arratsaldean eta bertan Mikel Olaetxea lizartzarrak Julen Retegi arerioaren ibilia errepikatu nahi du. Gonzalez eta Del Rey kanporatuta, final-laurdenetan sartu zen iaz nafarra eta gipuzkoarrak errepikatu nahiko luke.

Lizartzarrak, hala ere, badaki jauzia izugarria dela Lehen Mailako eta Bigarren Mailako txapelketen artean, eta, bere lehen lana, berezkoa duen urduritasuna kontrolatzea izango du.

Adin berekoak izan arren, denbora gehiago darama Julen Retegik estelarrak jokatzen, nahiz eta oraindik ez den egonkortu. Mito baten abizena bizkarrean eramateak mesede zein kalte egin dio aurrelari nafarrari eta aitaren itzalpetik irteten jarraitu nahi du txapelketetan, iaz egin bezala, kanporaketak aurrera ateratzen.

Adina

Gaurko txapelketako bi partidetan jokatuko duten lau pilotariek 23,25 urte dituzte batez beste. Beroizek (20), Olaetxeak (24), Julen Retegik (24) eta Oinatz Bengoetxeak (25), laurek irabazi dute txapela Lehen Mailan edo Bigarren Mailan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo