Aizkora Urrezko Aizkora
Saio bakar batek bi txapel erabaki beharko ditu
Ligako eta Kopako finalak izango dira jokoan gaur arratsaldean Altsasun.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Herri kirol jaialdi handia antolatu dute gaur Altsasun, bertan erabakiko baitira Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako eta Kopako txapelak. Jaialdia 18.30ean hasiko da, baina bertan ez dira aizkolariak bakarrik izango.
Udan zehar jokatu da Txapeldunen Liga, eta lehenengo laurek jokatzen dute Kopako finala. Aurten, ordea, bi txapelak egun bakarrean erabakiko dira, izan ere, Ligan Nazabal eta Larretxea berdinduta geratu dira, eta gaur bietan garaile ateratzen denak lortuko baitu Liga irabaztea. Bi horiekin batera, Arrospide eta Lopez ere neurtuko dira.
Beraz, gaurkoan litekeena da aizkolari berak eramatea bai Liga eta bai Kopa ere. Izan ere, adituen ustez, Nazabal eta Larretxea dira Altsasuko saioa irabazteko faboritoak ere, eta badirudi lehia bien artean egon daitekeela. Hala ere, kontuz ibili beharko da eta oso kontutan hartu beharko da Anjel Arrospide ere. Leaburukoarentzat lan egokia da, eta seguruenik estu hartuko ditu bi faboritoak. Arrospidek edo Lopezek irabaziko balu gaurko saioa, irabazlearentzat izango litzateke Kopa, eta Liga, berriz, Nazabalen eta Larretxearen arteko deman aurretik geratzen denak bereganatuko luke.
Saioa, dudarik gabe, oso erakargarria da, izan ere, ez Larretxeak ez eta Arrospidek ere ez dute parte hartzen Euskal Herriko Txapelketan, eta goi mailako lehiaketa bateko final batean ikusteko aukera apurretakoa gaurkoa da. Bai bata zein bestea oraindik sasoi betean daude, eta gaur ere lan bikaina egingo dutenaren zalantzarik ez dute aizkorako zaletuek.
Gaur Altsasuko pilotalekura hurbiltzen direnek, ordea, ez dute aizkora bakarrik izango ikusgai, lasto-altxatzaileak eta harri-jasotzaileak ere bertan izango baitira. Joxemari Mendizabal aizkolari beteranoa ere aritzekoa zen, baina arazo fisiko batzuk ditu, eta azkenean ezin izango du parte hartu.
Lasto-altxatzen lan ikusgarria egin nahi du Joxe Lapazaranek. Bera ingudearekin oso trebea da, baina baita beste kirol batzuetan ere, eta gaurkoan hori frogatu ahal izango du lasto-altxatzen. Lau minututan arituko da lanean, eta denbora luzea da hori, lehiaketa ofizialetan horren erdia izaten baita. 45 kiloko lasto fardoa zazpi metrora altxatu beharko du, eta tarte horretan ahalik eta jasoaldirik gehien ematea izango da bere helburu nagusia, hor geratuko baita etorkizunerako berak Altsasun egiten duen marka.
Harri-jasotzen, berriz, Iñaki eta Inaxio Perurerna arituko dira. Leitzarrak beren harriekin saiatuko dira jendeari ikuskizun polita eskaintzen.
Marka ahalegina
Harri-jasotzen marka saiakera egingo du Aitor Oiarbide gazteak. 16 urterekin 150 kiloko harri koadroa bizkarrean berdintzen saiatuko da bost minutuko txanda batean. Bihar izango da marka ahalegina, 11.00etatik aurrera, Nafarroa Oinezeko ekitaldien barnean. Saioa Arruazuko arean egingo da; laugarrengoan, alegia.
Kirol hau osasuntsu dago, gazte asko ari baitira harriak jasotzen, eta ematen duten maila ere bikaina da. Nafarrak bere helburua betetzen badu, ez da batere marka makala izango.
Harri-zulatzaileen bakarkako finalarekin amaituko da kirol honetako denboraldia. Ekinaldia bihar jokatuko da Sestaon, Las Llanas plazan, pilotaleku eta futbol zelaiaren atarian, 13.00etatik aurrera.
Beharrezko kanporaketak jokatu ostean, honako hauek lortu dute finalerako txartela: Laso, De la Vega, Berridi, Isuzkiza, Aia, Aurrekoetxea, Maroto, Pendelo, Ruifrancos eta Serrano. Kirolari bakoitzak 20 minutu izango ditu lanerako, eta tarte horretan zulorik gehien egiten dituenak eramango du txapela. Kanporaketetan Laso izan da onena, eta egungo txapelduna, berriz, Isuzkiza da.