NBEk Israelen krimenak ikertzeko eskatzea «terroristei adore ematea» da, Israelen arabera
Presioak gorabehera eta bi eguneko eztabaidaren ondoren NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak Gazari buruzko Goldstone txostena onartu izanak Israelen haserrea piztu zuen atzo. NBEren ebazpenak ikerketa independentea eskatzen du, krimenen erantzuleak zigortze aldera, eta, ikerketak huts egiten badu, Segurtasun Kontseiluak Nazioarteko Gorte Penalera jo dezala. Israelgo Gobernuaren arabera, NBEren ebazpena «alde bakarrekoa eta bidegabea» da, eta «mundu osoko erakunde terroristei adore ematen die». Hain zuzen ere, «terrorismoari» adore ez ematea du Israelek palestinarren giza eskubideak modu nabarmen eta basatian urratzeko aitzakietako bat. Txostenaren egileak ere ez du gustukoegi NBEren ebazpena, ez baitu Hamasen gaitzespenik egiten, txostenak ez bezala. Izan ere, txostenak argi uzten du Israelek Gazan egindako krimenen gaitzespena, baina, halaber, ezinezko oreka bat erakutsi nahian, palestinarren suzirien jaurtiketa israeldarren txikizioaren pare jartzen du. Batzuen eta besteen bitartekoen konparaketa barregarria litzateke batzuek eta besteek eragindako hildakoen kopuruen konparaketa hain nabarmena izango ez balitz.