Diaz de Monasterioguren nutrizionistak «Handitzen, handitzen» liburua kaleratu du
GARA | DONOSTIA
Txikitatik ongi jaten ikastea eta elikadura ohitura egokiak hartzea funtsezko baldintzak dira hazkundean garapen fisiko eta psikiko egokia izateko eta heldutasunera sasoi betean iristeko. Ildo horretatik, elikaduraren abentura handirako gida erraz, atsegin eta praktikoa osatu du Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak «Handitzen, handitzen» (Ttartalo) izeneko liburuan, elikadurari buruzko gomendioak eta 200 errezeta goxo eta osasungarri ezin hobeto uztartuta.
Amaia Diaz de Monasterioguren (Oñati, 1976) nutrizionista da, lanbidez eta bokazioz, eta jakin-minak eta ikasteko grinak bultzatuta, haurtzaroko nahiz helduaroko elikadurari, dietetikari eta nutrizio heziketari buruzko mila eta bat ikastarotan, mintegitan eta hitzalditan parte hartu du. Komunikatzaile bikaina da, gainera, Amaia Diaz de Monasterioguren, eta urteak daramatza hainbat hedabidetan kolaboratzaile gisa lanean.