Final-laurdenetarako bidea erraztu behar du Biarritzek
Lapurtarrek Gloucester hartuko dute Agileran, eta garaipena lortuko balute hurrengo fasean izateko urrats handia bezain garrantzitsua emango lukete.
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Final-laurdenetako bidean, urrats garrantzitsua izan daiteke gaurkoa, izan ere, bigarren jardunaldian ere garaile ateratzen baldin badira, pauso handia emango dute zuri-gorriek.
Pasa den astean Galesen irabazteak indar handia eman dio Biarritzi. Gainera, taldea oso une onean da. Denboraldia zalantzekin ekin baldin bazuen ere, geroztik gorantz egin du, eta Ligan onenen artean sartu da; Europan bi garaipen jarraian lortzeak ere zaleei ilusio handia egingo lieke. Hala ere, asko dira lapurtarren jokoa ikusgarria ez dela esaten dutenak. Hori bai, Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak garbi utzi du beretzat garrantzitsuena irabaztea dela. Ongi jokatu eta galtzeak ez duela balio, eta une honetan taldea oso ongi dagoela argi utzi du.
Aurrean talde indartsua izango dute lapurtarrek. Galestarrek ere lehen jardunaldian irabazi egin zuten, eta beraientzat ere partida garrantzitsua izango da, zuri-gorrien tankerako egoeran baitaude.
Jokalariei dagokionean, Biarritzek ez du aparteko bajarik izango. Ingelesen artean, berriz, Carlos Spencer hamabostekora itzuliko da.
Azken orduko ezusterik ez bada, honako hau izango da lapurtarren hamabostekoa: Bosch, Ngwenya, Mignardi, Traille, Brusque , Peyrelongue, Yachvili, Lund, Harinordoki, Vahafolau, Taele, Thion, Johnstone, August eta Barcella. Hamaikakoa baieztatzen bada, Terrain, Coetzee, Moala, Carizza, Lauret, Courrent eta Erinle aulkian geratu beharko dira aukera baten zain.