GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Challenge

Jean Dauguer estadiotik kanpo ere irabazteko gai dela erakutsi beharra du Aviron Baionakoak

J.L. | BAIONA

Avironek Jean Dauguer estadiotik kanpo ere irabazten badakiela erakutsi behar du gaur Parisen, Racing Metroren aurka jokatuko duen norgehiagokan. Zuri-urdinak etxean oso indartsu agertzen dira, baina kanpora irtendakoan nabarmen egiten dute behera.

European Challengeko bigarren jardunaldi honetan asko du jokoan talde lapurtarrak. Lehen jardunaldian Erromako taldea jipoitu ostean, sailkapeneko lehenengo postuan dago uneotan, eta gaur garaipena lortzen baldin badu, hortxe jarraitzeko moduan izango da. Baina ez da hori bakarrik izango, izan ere, gaur irabazita, Racing hurrengo fasean izateko ia aukerarik gabe utziko du, eta lehen postu horren lehian aritu beharko luke Londonen aurka.

Hori dena lortzeko, ordea, gaur garaipena erdietsi behar dute talde zuri-urdineko jokalariek, eta orain artekoa ikusita, horrek ez dirudi lan samurra, talde lapurtarrak ez baitu etxetik kanpo ari denean konfiantzarik ematen.

Jokalariei dagokionean, goi mailako hamabostekoa zelairatuko du gaur Baionako hiriburuko taldeak. Hasiera batean taldeek ez diete aparteko garrantzirik ematen lehiaketa honi, Liga baino dezentez gutxiago, eta askotan normalean aritzen ez direnei minutuak emateko erabiltzen dituzte partida hauek.

Hala ere, eta lehen jardunaldian italiarrei emandako astinduaren ostean, Avironek garbi ikusi du aukera handia izan dezakeela aurtengo txapelketan, bai behintzat lehen fasea gainditzeko, eta gaurkoan, hasieratik normalean aritzen diren jokalariak izango dira berdegunean.

Azken orduko aldaketarik ezean, honako hau izango da zuri-urdinen hamabostekoa: Peyras, Fall, Iñigo, Gerber, Bolavucu, Gower, Edmonds, Lafond, Roumieu, Blake, Linde, Filipo, Puricelli, Martin eta Deen. Hori baieztatzen baldin bada, Da Rosa, Bayoud, Tewhata, Bernad, Garcia, Arraiet, Lacroix eta Igiñiz aulkian geratuko dira.

Norgehiagoka 20.45ean hasiko da, eta Frantziako Eurosport telebista kateak zuzenean eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo