GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Inazio AGIRRE ARREGI I Ezker abertzaleko kidea

Hizkuntz eskubideak

Eurokarta euskararen aldekoa izan badaiteke ere, eskasa da euskaldunen hizkuntz eskubideak eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko

Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluak dio frantsesa dela hizkuntza ofizial bakarra. Eta gainerako hizkuntzen mendekotasuna betikotzeko 75.1 artikuluak «Frantziako ondare» direla adierazten du. Liberté: euskal herritarrok geure hizkuntzan bizitzeko aukerarik gabe. Égalité: paristarrek frantsesez bizitzeko duten pareko hauturik gabe. Fraternité: askatasunik eta berdintasunik gabeko senidetasun zapaltzailean.

NBE Nazio Batuen Erakundeak hirutan kargu hartu dio Parisi, hizkuntz eskubideak bermatzen ez dituelako. Azkenekoan, «gutxiengoekin duen jarrera aldatzeko» eskatu dio. Izan ere, edozein hizkuntz komunitatek iraun dezan, komunitate kide diren haurrek bertako hizkuntza erabiltzea, ikastea eta estimatzea gutxien-gutxieneko baldintza soziolinguistikoa da.

Eskubide hori ukatuz gero, hizkuntz komunitatea desagerrarazten da, belaunaldi berri guztiak euskaldundu gabe euskal hizkuntz komunitatearen jarraitasuna ezinezkoa baita. Frantziaren eredu jakobinoak, ordea, euskarak bizi, berritu eta irauteko behar dituen baliabideak eragozten ditu. Euskara itotzeko politika da, frantses kultura eta hizkuntza inposatzen jarraitzeko Euskal Herrian. Eredu horrek ez ditu nazioarteko estandarrak betetzen.

Euskararen inguruko legeak aldatzear den honetan, Frantziako Gobernuak ez du Eskualdeetako Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi nahi; nahiz eta, izatez, Eurokarta delakoa, mendeko hizkuntz politikaren eredua izan; hizkuntzen arteko berdintasuna ukatzen duelako, «eskualdeetako» hizkuntzak menderatuz, Estatuetako hizkuntza ofizialaren pean. Adibidez, Espainiako Estatuak 1977an berretsi zuen Eurokarta eta, 32 urteotan indarrean egon baldin bada ere, Nafarroa Garaiko eremu zabaletan, oraindik, hizkuntz eredu frankistak jarraitzen du.

Eurokarta hobekuntza da Frantziaren egungo eredu jakobino gutxiesgarriaren aurrean. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskara desagertzea atzera dezake, baina ez ditu indargabetuko egoera minorizatuaren egiturazko kausak eta eragin larrienak, bide ematen baitie Estatuei neurri ez nahikoak, eraginkortasun gutxikoak edo kalitate ahulekoak erabakitzeko; azken batean, Euskal Herriaren euskaltasun osoa eragozteko.

Horrenbestez, Eurokarta euskararen aldekoa izan badaiteke ere, eskasa da euskaldunen hizkuntz eskubideak eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko. Bi Estatuen hizkuntza ofizialen nagusitasuna babesten duelako; eta Estatuek beren hizkuntza ofizialentzat ezinbestekotzat jotzen dituzten bitartekoak euskarari ukatzen diotelako bere herrian.

Horregatik, ezker abertzaleak beste eredu soziolinguistiko bat aldarrikatzen du elkarrekin bizitzeko. Euskaldun eleaniztunak izateko eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko. Horretarako, gure etorkizun soziolinguistikoa erabakitzeko eskubidea emango digun esparru demokratikoa behar dugu. Euskal Herriak behar dituen aldaketa politikoa eta aldaketa soziolinguistikoa burutu ahal izateko; Estatu bitartekoak dituen hizkuntza politika berria, nazionala eta burujabea bideratzeko; euskara eta euskal herritarrak osasun betean bizi daitezen beren hizkuntz komunitateko lurralde osoan.

Ezker abertzaleak guztion hizkuntz eskubideetan sakontzea nahi du: euskaldunon eta gainerako europarren hizkuntz eskubideak parekatzea; Europako hizkuntza guztiei Estatuetako hizkuntza ofizialen aitorpen berdina bermatzea; Europako herrien, hizkuntz komunitateen eta herritarren arteko berdintasunezko egoera lortzea. Datorren urriaren 24an, Baionan, hitzordua dugu Deiadar ekimenak deitu duen manifestazioan parte hartzeko, euskarak behar duen ofizialtasun eraginkorraren eta lege duin baten alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo