Edorta JIMENEZ
Best-sellerrak (II)
Iragan hilean agindu nuenari men eginez, best-sellerrak dakartzat berriro hizpidera, eta, argi gera bedi, horrekin batera galdera bete zakua. Ba ote dugun best-sellerrik, gure best-sellerrak nondik nora sortuak diren, zein diren, zenbat saldu duten, galdera interesgarriak bezain erantzuten gaitzak.
Goikoen arteko azken galderari ekinez, euskal literaturako liburuek zenbat saldu duten, datu hori, esate baterako, misterio hutsa da. Ezagutzen ditudan datu bakarrak Txalapartak bere libururik salduenez eman dituenak. Horietan ikusten denez, aleak gora aleak behera, bost milaren inguruan dabiltza salduenak. Hots, bostehun mila hiztunen ehuneko bat, hortxe-hortxe. Hiztunen ehuneko hori aski litzateke, gure auzo-erdaretan, liburu jakin bati best-seller irizteko. Bada, guk ere baditugu gure best-sellerrak, bistan da. (...)
Susmoen artean bada bat azken urteotan garunak jaten dizkidana. Euskal literatur sistemaren erabaki-gune nagusia, botere-leku printzipala, ez ote dagoen euskal literaturatik kanpo. Non eta, argi esanda, Madrilen. Espainiako Sari Nazionaletan. Orain arte euskal idazle bik eskuratu dute saria, eta horiexek dira euskal idazlerik itzulienak eta irakurrienak. Bihar-etzi euskal idazlerik irakurriena nor izango den erabakitzeko ahalmena dutenak Madrilen biltzen dira. Urtero. Euskal best-sellerren sortzaileak dira. Miragarria? Gaitzerdi, esango didazue, ez baikara honetan bakarrak. Ba ez, ez gara kolonizatu bakarrak, egia.