Pello URZELAI (2009/10/15)
Uraren bidea
(...) Zapaterok aspaldian utzia baitu diplomazia eta elkarrizketaren bidea, euskal auziari dagokionez bederen. Astearteko polizia operazioarekin argi utzi duen bezala.
2006ko prozesuaren atarian, ETAren su-eten mugagabea egosten eta adosten ari zen bitartean, Espainiako Gobernuak bide poliziala bizkortu egin zuen. Ez zen kasualitatea izan su-etena iragarri baino egun batzuk lehenago Arnaldo Otegi -negoziazio haietako solaskideetako bat- espetxeratu izana. Negoziazio prozesuak iraun zuen bitartean, ahalegin gehiago egin zuen Espainiako Gobernuak ezker abertzaleari bide politikoak ixten, bake iraunkorraren bidea bilatzen baino. Prozesua amaituta, estrategia militarrari itsu-itsuan loturik dago Zapateroren gobernua.
2006ko negoziazio prozesua kale itsu batean sartu zenetik, konponbidearen ikuspegitik blokeo egoera nagusitu da azkenaldian. Espainiako Estatuaren borondatearen zain egon gabe, ezker abertzalea egoera hori desblokeatzeko estrategia bat gauzatzera zihoanean etorri da Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta gainerako militanteak atxilotzeko agindua. Datorrenari aurrea hartu edo geldiarazi nahi izan dute operazioa diseinatu dutenek. Ziklo aldaketarik gertatzea eragotzi nahi dute. Abertzaleen arteko indar bilketa ahalbidetzen duen prozesua ekidin nahi dute.
Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren inguruan dagoen burdinazko ituna blindatu nahi dute, besteak beste, boomerang efektuaren beldur direlako. PSOE-PP-UPN aliantza aldaketarako gogoa bizkortzen ari da euskal gizartean. Kontzertu ekonomikoa blindatzearen balioa erabat gutxitu da egoera honetan, EAJren sektore zabaletan ere. Urak bere bidea berreskuratu nahi du. Ezker abertzalea jakitun da abagune honetan duen erantzukizunaz, gehiengo soziala baliarazteko eta egituratzeko orduan, baita indar independentistak akuilu gisa antolatzeko orduan. Beraz, espero daiteke azken esku-hartze polizial honek ez duela desbideratuko ezker abertzalearen asmoa.