Julen MURGOITIO
Zamalkatzen garen seinale
Azken egunotan burua borborka ibili zait, ideiak eta sentimenduak korapilatu eta elkar nahastu egin zaizkidala etebebiko westernetako bufaloen uxaldiak barregarri utzi arteko nahasmena. Esanak eta ikusiak, eginak eta entzunak, momentukoak eta aurrekoak, orain hotz orain bero. Aitortu egin behar dut une batez bonba atomikoa erabiltzearen aldekoa sentitu dudala neure burua, eta gorputzaren gainerako zati guztiak ere, berdin, buruarekin bat; helburu zibilez erabiltzearen aldekoa sentitu ere. Azkenean, eskutrapu batera bildutako izotzak ipini behar izan ditut buru aldean; ez dakit sentimenduak freskatu eta lasaitzeko egin dudan ala izotzak sentimenduez berotzeko egin dudan. Baina tira! ondorioz, burua ez ezik besaulkiaren goialdea bera ere busti dut! alboko kalte hartu dut eta puntu!. Harira!. Beheko Estatuko lautada amaigabeetatik haize-errotarik haize-errota, astoduna bidaide, borrokan ibiltzen zen zaldidun haren hizkuntzako esaera zaharra gogoan: zaunka egiten dute, zamalkatu egiten dugun seinale! Hortaz, gu ez gara ez zaldi ez zaldun ere, baina zamalkatzen goaz, eta ez hipodromo ofizialetatik, prezisamente; besteok zer diren batek daki! baina zaunka egiten dute. Eta kosk. Kamustuko zaizkie hortzak, ordea, eta txantxarrak ugarituko ere, besteak eraginkor zamalkatu ahala!
Atzo nazioarteko beste egun bat izan zen, berriro izan ere. Pobreziaren aurkakoa suertatu da oraingoa. Hau kolpea! ez dut indarrean den ordenako inor entzun egun horren babesleak kritikatzen aurka egitearen alde azaldu direlako, beste batzuetan segituan ageri baitira azpiegitura bat edo bestearen aurka azaltzen direnak gogor astintzen. Pobreziaren aurka urtean egun batean eta alde urteko gainerako egunetan. Horixe nazioarteko merkatuaren legea!. Hau kolpea! goseak hartuta bizitzen saiatzen diren gehienak nekazariak dira. Hortaz, pobreziak indarrean iraungo du munduan nazioarteko merkatua lekuan lekuko azoka bihurtu arte. Pobrezia iraunkorra, garapen iraunkor ofizialaren ondorio. Baina pobrezia ez da munduan den arazorik larriena, ez eta urrun eman ere!. Miseria da larrietan larriena, alde handiaz. Miseria lehenengo munduko zentroetan da nagusi, hau ere kolpea gero!. Gurean ere nagusi, periferia izanda ere. Una, Grande y Socialistaren izeneko miseria. Gualda antes que rota. Legioaren ahuntz dominadunaren izenean. Zamalkatzen ez dakiten seinale.