GARA > Idatzia > Ekonomia

Piraten eraso bat antzeztu dute Bilbon «armadore militarizatuek» itsasoa agortzen dutela salatzeko

p020_f02_088x124.jpg

GARA |

Bilboko KEM-MOC talde antimilitaristak atunontzi baten ontziratzea antzeztu zuen atzo Bilboko itsasadarrean, «armadore militarizatuek» itsasoa agortzen dutela salatzeko.

«Arrantzaliak, nora zoize? Ez hemen, ez Somalian, militarrik ez» lelopean, Indiako Ozeanoak bizi duen arrantza gatazkaren militarizazioa salatu zuten ekimenean.

Antzeztu zuten itsasoratzean, arrantzaleekin batera «interes ekonomikoak babesten dituzten indar militarrak» itsasoratu ziren, «soldadu adoretsuen destakamendu batekin».

Ekintza honekin, armadek gatazkak konpontzeko orduan jokatzen duten papera salatu zuten. KEM-MOCen arabera, «interes neokolonialak» babesteko eskatzen da militarren presentzia; gainera, «afrikarren pobretzearen eztabaidari adabakiak jartzea» gogor kritikatu zuen.

Ildo beretik, Somaliako uretan 800 arrantza-ontzi baino gehiago daudela salatu zuen talde antimilitaristak, «beren urak eta arrantzarako inguruak kontrolatzeko duten ezintasuna baliatuz».

Lege aldaketa eztabaidagai

Bitartean, Barne Ministerio espainola legea aldatzea aztertzen ari da Indiako Ozeanoan diren atunontzietan armak eramatea baimentzeko. Xedea erasoen aurrean itsasontzien segurtasuna areagotzea da.

Rodriguez Zapateroren Exekutiboko Defentsa eta Barne ministerioak gaia aztertzen ari dira uneotan; izan ere, ostegunean armadoreek Europar Batasuneko segurtasun pribatuko langileak itsasoratzea proposatu zuten zaintzaile espainiarrak trebatu artean. Armadoreek itsasontzietan metrailetak eta erasorako fusilak eramatea baimentzea nahi dute «Alakrana» ontziak jasandakoa bezalako bahiketak ekiditeko. Aukerarik bideragarriena da hori armadoreentzat, Zapateroren Gobernuak infanteriako soldaduak itsasoratzeko lege arazoak daudela baitio.

Armadoreen ustez, Madrilgo Gobernuak baietza emango dio azkenean eskaerari, eta uneotan lege aldaketa ekarriko duen dokumentuaren zain daude. Hala ere, Gobernu espainolak oraingoz erantzunik eman ez duela adierazi du EFE agentziak. Iragarri duenez, astelehenean jarraituko dute Espainiako Defentsa eta Barne ministerioen arteko negoziazioek.

Segurtasun pribatuko legea aldatzea Barne Ministerioaren egitekoa da. Balizko lege aldaketak segurtasun pribatuko enpresa espainolek EBko beste batzuekin kolaboratu ahal izatea eta azken horietako langileak atunontzietan joan ahal izatea baimenduko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo