Milaka herritar bildu dira Baionan AHTren trenbide berriaren aurka
Herritar ugari bildu ziren atzo Baionan AHTren trenbide berriaren aurka. Poliziak 9.600 lagun izan zirela esan zuen bitartean, manifestaldiaren antolatzaileek 12.000 herritar zenbatu zituzten. Antolatzaileek mobilizatuta jarraitzeko eskatu zieten herritarrei, eta martxoko eskualdeko hauteskundeetan egitasmoaren aurkako boza emateko gomita luzatu zuten.
Ainize BUTRON |
AHTren egitasmoaren aurka izandako mobilizaziorik jendetsuena izan zen atzo Baionan egindakoa. Manifestaldia arratsaldeko bostetan abiatu zen Lauga gelatik; hautetsi, auzapez eta kontseilariz osaturiko taldeak irekitzen zuen martxa «Trenbide berriari ez» lelo nagusia zuen banderolaren gibelean.
Besteak beste, Jean Jacques Lasserre kontseilari nagusia eta Hautetsien Kontseiluko burua, Vincent Bru Kanboko auzapeza eta kontseilaria, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza eta kontseilari abertzalea eta Christine Bessonart Senpereko auzapeza izan ziren manifestaldian, frantses ikurrinaren xingola soinean zutela. CADE kolektiboko kideen banderolak jarraitzen zion «AHTri ez» aldarrikapenarekin.
Ondotik, bi lema nagusi horiek gibeletik zetozen herri ugarietako elkarteek eta herritarrek errepikatu zituzten. Horrenbestez, honakoak irakur zitezkeen han-hemenka: «AHTren linea berririk ez Hiriburun, ezta beste inon ere», «Ez Saran, ez beste inon ere», edo «Egungo burdinbidea berritu dezagun».
Manifestaldiaren antolatzaile eta herritarrekin batera, mobilizazioarekin bat egin zuten atzo Baionan AHT Elkarlanean elkarteko kideen banderolek, baita Bizi mugimendukoenak ere. Azken horiek kartoizko AHT handi bat egin zuten. Trena Lauga gelatik abiatu zen «AHT: Lurraren suntsiketa abiadura handia» eta «Gero eta arinago paretaren kontra» leloekin.
Beste hitzordu bat martxoan
Antolatzaileen arabera 12.000 lagun elkartu zituen martxa Lauga gelatik abiatu zen, eta, Paulmy etorbidea zeharkatu ondoren, Suprefeturaren aitzinean bukatu zuen ibilbidea. «AHTri ez» leloa izan zen nagusi desfileak iraun zuen bitartean. Suprefeturara iritsi bezain laster, Victor Pachon CADE inguramen defentsarako elkarteen kolektiboko ordezkariak hitza hartu zuen izandako mobilizazio jendetsua txalotuz. «Bide luzea egin da 1992an egitasmoaren aurkako mobilizazioa abiatu zenetik», nabarmendu zuen.
Ia 8.000 lagunek proiektuaren aurka sinadura emana dutela argitu ondoren, RFFk eta Akitaniako Kontseiluak herritarren nahia ukatzen jarraitzea «akats larria» dela azpimarratu zuen. «Ez bagaituzte entzuten, manifestaldi, erreferendum eta mobilizazio gehiago izango dira», adierazi zuen.
Mobilizazioari jarraipena emateko, atzo bertan jarri zuen hitzordua Pachonek martxoan izango diren eskualdeko hauteskundeei begira. «Entzuten ez bagaituzte ondoko hauteskundeetan ez da boz bakar bat joanen AHTren alde daudenentzat», nabarmendu zuen presioa ematen jarraitu behar dela esanez.
Michel Iriart Errobi-Aturri herri elkargoko lehendakariak jarraitu zuen hautetsien izenean mintzatuz. Ipar Euskal Herriarentzat trenbide berria «interes gabekoa» dela nabarmendu ostean, honakoa gaineratu zuen: «Egungo burdinbidea berritzea eskatzen dugu».
Michel Iriart Errobi-Aturri herri elkargoko lehendakariak jakinarazi zuen atzo hurrengo azaroaren 6an hitzordua dutela frantses burdinbide kudeatzaileen RFF egiturako teknikariekin. «CITEC ikerketa bulegoari eskatutako inkestaren ondotik, konfrontazio bat izatea galdetu genion RFFri, bi inkesten arteko emaitzak parez pare jartzeko. Bilera hori azaroaren 6an izango da», azaldu zuen. Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta AHTren aurkako hautetsien elkarteko bultzatzaileak, bere aldetik, herritarrek eta lekuko elkarteek egitasmoari buruzko eztabaida bereganatu behar dutela esan zuen. «Orain arte RFFko teknikariekin izandako bileretan ez digute batere informaziorik helarazi. Egoera hori onartezina da», salatu zuen. A.B.