KRONIKA | Homosexualitatea etxean
Seme-alabak bihotza zabaltzearekin batera, mundu berriaren eraikuntza dator
Homosexualitatea edo transexualitatea gurasoei onartzea ez da nerabearentzat gauza erraza izaten, baina ezta azken horientzat ere seme-alabak aitortu berri duenaren aurrean erantzun egokia ematea. Bidea errazteko helburuarekin, lehen urratsez eta aholkuez aritu ziren Ampgyl elkarteko kideak bizipen horiek izan dituzten gurasoekin.
Oihane LARRETXEA I
«Nire semeak gizonezkoak gustuko zituela aitortu zidan egunean eskema guztiak hautsi zitzaizkidan. Ondo ezagutzen nuela uste nuen, baina benetan bere benetako sentimenduei bizkarra ematen bizi nintzen». Hitz horiekin hasi zuen topaketa Esther Nollak, gay, lesbiana, bisexual eta transexual gazteen Ampgyl guraso elkarteko lehendakariak.
Gehiturekin batera topaketa ospatu zuten atzokoan Donostian. Beste protagonistak, gurasoak eta beraien bizipenak izan ziren, izan ere, ibilbide pertsonaletan oinarrituta, «barrua hustu» eta albokoa laguntzea zen xedea. «Baliabideak eskaini nahi ditugu jarrera aldaketa baikorra izan dezaten seme-alabaren aitortzaren aurrean», zioten Ampgyl elkartetik.
Egiazko munduari so
Semearen nahiz alabaren «aitorpena» heltzen den egunak, lehena eta orainaren arteko muga marrazten duela adierazi zuten gehienek. «Bere benetako sentimenduak jakin aurretik dena `bere lekuan' dagoela uste duzu, baina, zure seme-alabaren barruan gertatzen ari denaren berri duzunean, `nora begira ibili naiz?' galdegiten diozu zeure buruari», esan zuen ama batek. Jarraian besarkadak eta «berdin maite zaitut» bezalako esaldiak etorri arren, zalantzak eta beldurrak azalarazten dira gurasoengan, egoera horretan egin behar denaren inguruko zalantzak. «Ez genekien zer egin behar genuen, guztiz galduta ginen senarra eta biok, semeak `bota' zuen barruan zuena eta, jarraian, urratsa emateko gure txanda zen».
Eta, horregatik, Mollak honakoa ohartarazi zuen: «`Ez nuen uste nire etxean gertatu zitekeenik' da pentsatzen den lehen gauza». «Niretzat pertsona homosexualak eta transexualak egon bazeuden, baina kanpoan zegoen gauza ezezagun baten modura. Gure semeak gizonezkoak maite zituela jakin genuenean begiak zabaldu genituen, egiazko mundua parez pare izango bagenu bezala», deskribatu zuten guraso batzuk.
Hizlariek azpimarratu zuten gurasoen ezinegona nerabeak aurretik sufritu duen guztiagatik eraginda izaten dela gehienetan. Ampgyl elkarteko kide batzuen arabera gizartea eta jendea ez dago horrelako egoerak bizitzeko «prestatuta». «Gizarteak ez du sentimenduez hitz egiten -jarraitu zuten-. Jaso dugun heziketa heterozentrista da; hau da, gizona emakumearekin eta kito. Baina aukera horretatik haratago hamaika bide daude».
Etxetik mundura
Mollaren hitzetan, hamaika aukera horiek ikustean konturatzen da norbanakoa bizkar gainean duen motxila astunaz. «Beldurrez eta arduraz betetako motxila neraman soinean. Seme homosexual eta alaba heterosexualari esker maitasuna eta konfiantzan irabazi dugu etxean, motxila hustuz».
Bakoitzak bidea hautatzen duen horretan, «oinarrizkotzat» jo zuten etxeko laguntza izatea, hortik mundura irteterako orduan gazteak segurtasunez egin dezan. «Kalea desertuaren ibilbidea da, eta nik argi nuen nire alaba ez nuela bakarrik utziko; nire laguntza inoiz baino gehiago behar baitzuen», nabarmendu zuen alaba transexuala duen aita batek.
Eskarmentutik hitz egin zuten askok, baina baziren semeaz nahiz alabaz hitz egitera lehenengoz ausartu zirenak ere. Ezinbestean arreta berezia eskaini zitzaien «galduta» sentitzen ziren ama eta aitei. «Gure semeak orain bi aste esan digu homosexuala dela. Hala ere, txikitatik erakutsi dituen zaletasunengatik susmoak izan ditugu; hori dela eta, naturaltasunez hartu dugu. Baina eskolan orain zer? Eta kalean?», larritu ziren gurasoak. Beste guraso batek hala erantzun zien: «Guk ere egoera larriena eskolan bizi dugu, azken urteetan hiruzpalau aldiz aldatu dugu semea eskolaz iseka egiten diotelako eta jo egiten dutelako».
Bizipen beltzen aurrean Gehituk eta Ampgyl elkarteek ohartarazi zuten gizarteak lehenago edo beranduago onartu beharko duela bizitzaren aniztasuna. «Geure bilobek bi aita edota bi ama izango dituzte, orain pentsaezina den errealitatea normaltasuna izango da bi belaunaldi barru, horrek ekarriko duen oparotasunarekin».