Berdeen hautagai izateko aurkeztu den Bove AHTren alde zein kontra azaldu da
Idoia ERASO |
2010eko martxoan ospatuko diren eskualdeko hauteskundeetan Akitanian Berdeen zerrendaburua izateko aurkeztu da Marie Bove, Jose Bove altermundialista eta Europe Ecologie hautagaitzako eurodiputatuaren alaba. Atzo GARAk AHTren trenbide berriaren aldeko sinadura eman zuela ezagutzera eman ondoren, proiektuaren kontra Interneten dagoen eskaera sinatzea erabaki zuen.
«AHTren trenbide berriaren kontrako argudio guztiekin bat egiten dut», adierazi zuen atzo Marie Bovek. Bordeleko hiri elkargoan egiten du lan eta azpiegituraren aldeko sinadura kanpaina bertako buruek antolatu zutela azaldu zuen Bovek, eskaera «lantalde guztiak» sinatu zuela gaineratuz. Honakoa ere nabarmendu zuen Bovek: «Nire zintzotasuna ez dela zalantzan jarriko espero dut, borroka askotan parte hartu izan baitut orain arte».
Erabakia, azaroaren 28an
Berdeen barne hauteskundeak azaroaren 28an ospatuko dira eta Boverekin batera beste hainbat hautagai ere aurkeztuko dira, besteak beste Pierre Hurmic. Azken hauteskundeetan Europe Ecologie hautagaitzaren barnean aurkeztu ziren Berdeak, eta bertan AB eta EA alderdiek ere hartu zuten parte. Oraingo honetan ere Berdeekin batera aurkeztuko diren erabakiko dute ABko kideek azaroaren 14an.
Ipar Euskal Herrian AHTren trenbide berriaren auzia izango da martxoko hauteskundeetako eztabaidagai nagusietakoa. Berdeen diputatu eta auzapez Noël Mamerek e-posta bidali zion atzo CADE elkarteko Victor Pachoni «Berdeen kanpaina AHTren trenbide berriaren kontrakoa» izango dela» erranez. AHTren kontrako kanpaina gidatzen ari den CADEk argiki erran du egitasmoaren alde agertzen diren alderdiei botorik ez ematea eskatuko duela.