Gobernu espainolaren aurreikuspen okerrak
Ministroari ez zaizkio kontuak ateratzen. Ezin izan ditu bere teoriako hipotesiak frogatu, eta ez horretarako elementuak moldatzen ahalegindu ez delako. Ezker abertzaleko zenbait kideren atxiloketak erakutsi zuen bere tesiaren faltsua. Perez Rubalcaba Barne ministro espainiarrak bere Gobernuaren estrategia sostengatzeko eskatu zien EAJri eta Aralarri, baina alderdi horien erantzuna Donostiako manifestazio ikusgarrian parte hartu zutenek eman zuten berbera izan zen, besteak beste ministroaren aurreikuspenek sumatu ez zuten faktore bat dela-eta: atxiloketei erantzuteko mobilizazioa sindikatuek deitzea, hain zuzen ere. Ulergarria da, beraz, Madrilgo Gobernuaren haserrea, manifestaziora joan zirenei, eta zehazki EAJri, «estrategia politiko-militar» bati sostengua ematea egozteraino. Hainbat euskal eragile politiko eta sindikalek gatazka politikoari oraingo parametroetan eutsi nahi izatea egotzi zioten Gobernu espainolari, eta Lakuako Gobernutik halakorik ukatu bazuten ere, eragile horietako batzuek badakite hala dela, Rubalcabak berak hala erakutsi dielako. Baina Zapateroren eta Rubalcabaren Gobernuaren kontuak uste baino okerragoak dira, batik bat Batasunaren eztabaidarako agiriak -atxiloketen benetako kausa eta Barne Ministerioak berariaz ezkutatu zuena- hainbat eragile abertzaleren artean izan duen harrera ikusita.