Xabier Izaga Irakaslea
Silogismoa edo sofisma?
Ezker abertzalea indarkeriarik eta kanpo esku-hartzerik gabeko prozesu demokratikoa abian jartzeko proposamena eztabaidatzen hasi omen da. Proposamen hori lantzen jardun dutelako kartzelatu ditu Baltasar Garzonek Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto. Baina ez dezala inork gaizki pentsa, benetan ez baititu kartzelatu indarkeria eta kanpo esku-hartzerik gabeko prozesu demokratikoa abian jartzeko lanean jarduteagatik, baizik eta ETAren estrategiaren mende lan egiteagatik.
Prozesu hori aurrera aterako balitz eta, baldintza demokratikoak lortzeaz gainera, ETAk behin betiko borroka armatua utziko balu, Perez Rubalcaba ministroak dioenez, ezker abertzaleak politika legez egin ahalko luke...? Ez, ba, inola ere ez. Prozesu horretan ETAk borroka armatua uztea ETAren estrategiaren zerbitzuko taktika denez, ezker abertzaleak legez kanpo jarraituko luke. Eta ezker abertzalea bezala, prozesu horrekin, polo soberanistarekin edo abertzaleen indar metaketarekin bat letorkeena ere legez kanpo ezarri beharko lukete.
Planteatu dezagun silogismoa beste era batera. Lehenengo premisa: ETAk indarkeria erabiltzen du. Bigarren premisa: ETAk indarkeriarik gabeko prozesu bat bultzatu nahi du. Ondorioa: indarkeriarik gabeko prozesu bat bultzatu nahi duten guztiek indarkeria erabiltzen dute -eta gainera ETAkoak dira-. Ez da dirudien bezain absurdoa, Estatuaren estrategia ETAren errendizioa eta ezker independentistak bere helburuak bertan behera uztea baita. Horregatik absurduak ematen zuten mezu haiek, «su-eten batekin mehatxatu dute» eta gisakoak, ez ziren horren absurduak.
Hala ere, absurdua ez izateak ez du esan nahi egiazkoa dela. Izan ere, lehen ekarritako silogismoa faltsua da, sofisma alegia.
Hara beste sofisma bat. Lehen premisa: Barne Ministerio espainiarrak epaileen laguntza behar du bere estrategia politikoa sostengatzeko. Bigarren premisa: Rubalcabak Garzonen ebazpenak iragartzen ditu. Ondorioa: kasu hau ez da sofisma, silogismoa baizik.