GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Txapelketa

Asteasuk hartuko du maila nagusiko kanporaketa

Azkenean, azaroaren 22an jokatuko da finalerdia. Hamabi aizkolari lehiatuko dira, eta seik lortuko dute finalerako txartela, nahiz eta horrek ez duen datarik.

p039_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Azkenean Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien kanporaketak badu data. Azaroaren 22an jokatuko da Asteasun. Finalak ez du oraindik datarik, baina pentsatzekoa da horren berri ere laster jakin ahal izango dela.

Urteroko moduan, hamabi aizkolari lehiatuko dira kanporaketa honetan, eta horietako seik lortuko dute finalean aritzeko txartela; azkeneko biek, berriz, datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute. Honako hauek dira kanporaketan arituko diren hamabi aizkolariak: Nazabal, Txapartegi, Lopez, Azurmendi, Olasagasti, Vicente, Senosiain I.a, Senosiain II.a, Mujika, Otaegi eta Zubiaga. Bakoitzak finalean egin beharreko lanaren erdia egin beharko du. Hortaz, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.

Txapelketa honetan lehen aldiz arituko direnak bi izango dira: Joseba Otaegi eta Joxeanjel Zubiaga. Biak ere pasa den urtean Bigarren Mailako Txapelketako lehen bi postuetan amaitu zuten aizkolariak dira. Zubiagaren kasua, gainera, berezia izango da, Arabako aizkolari batek lehen aldiz hartuko baitu parte maila nagusian, orain arte, herrialde horretako inork ez baitzuen onenen artera heltzerik izan. 17.30ean hasiko da kanporaketako saioa.

Lehiaketa honetan arituko ez dena Unai Otaño izango da. Ibarrakoa zigortuta egon da bi urtez, orain dela bi urteko Gipuzkoako Txapelketako finalean egindako dopinaren aurkako kontrolean positibo emateagatik. Gipuzkoarrari, ordea, txapelketa hasi baino egun batzuk lehenago amaituko zaio zigorra. Otañok, ordea, ez du parte hartzerik izango, aurten berez Bigarren Mailan aritu beharko lukeelako.

Iaz ez zuen Lehen Mailan parte hartu, eta, ondorioz, maila galdu zuenetako bat izan zen bera, eta aurten Bigarren Mailan ere parte hartu ez duenez, maila galdutzat ematen diote. Erabaki horrekin, ordea, bera ez dago batere ados, eta abokatuak lanean jarri ditu: «Txapelketari uko eginez gero, horixe gertatzen da, baina kontua da nik ez diodala inongo lehiaketari uko egin. Ni zigortuta egon naiz; beraz, ezin nuen parte hartu. Horregatik, erabaki honekin ezin naiz ados egon, eta abokatuak lanean jarri ditut, eta saiatuko naiz bukaeraraino heltzen», azaldu du Unaik.

Aitor Oiarbide

Aitor Oiarbide nafarrak marka pertsonal bat ezarri zuen pasa den igandean, Nafarroa Oinezen barruan. Kirolari nafarrak 16 urte besterik ez ditu, eta 150 kiloko harri errektangularrari bi jasoaldi eman zizkion, bost minututan. Lau aldiz ere ahalegindu zen, baina erdietan kale egin zuen.

Arruazuko arean aritu zen lanean, eta badirudi zorua ez zela berdina, eta horrek zenbait arazo sortu zizkion. Hala ere, marka polita egin zuen duen adina kontuan hartuta. Garrantzitsuena, gainera, harri horri berari jasoaldi gehiago ere eman diezazkiola ikustea izan zen.

Harri-jasotzaile gazteak ugari datoz, eta hau zerrendan sartu beharreko beste bat da. Itxura bikaina du, eta gauzak ongi joaten bazaizkio, zeresana emango duen horietakoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo