40.000 bisita eta balorazio bikaina, Zestoako Ekainberriren lehenengo urtebetean
Ane ARRUTI
40.000 bisitari inguru eta satisfazio maila bikaina, 8,47koa. Horiexek izan dira Zestoako Ekainberriren lehenengo urtebetetzean egindako balantzean azpimarratutakoak. Ekaingo labarren erreplikaren balorazioan Fundazioan parte duten guztiek adierazi zuten «oso urte ona» izan dela. Gipuzkoako zentro museistikoen artean laugarren postuan kokatzea lortu du Donostiako Aquarium, Kutxa Espazio eta Txillida Lekuren atzetik. «Aurreko hirurak Donostialdean daude. Hau, berriz, Zestoan dago, kilometroak egin behar dira honaino, autoa utzi eta oinez egin behar dira metro batzuk...», azaldu nahi izan zuen Maria Jesus Aranburuk, Kultura eta Euskara foru diputatuak. Zestoako alkateak, Alazne Olaizolak, arrazoi horiez gain, historiaurrea lantzen duen zentro batera hainbeste jende gerturatzearen garrantzia azpimarratu zuen.
Ondarea kaltetu gabe ondarea gizarteratzea izan zen bere garaian Ekainberrirekin egindako apustua. Haitzulotik metro gutxira eraikitako erreplikak urtebete egin du jadanik. «Herrian badago masa kritiko bat, jendetza etorriko zela eta kalterako izango zela» uste zuena, esan zuen Olaizolak. «Hala ere, denborak arrazoia eman digu eta kritikak kritika, herriarentzat eta eskualde osoarentzat oso ona izan da ekarri duen turismo iraunkorra», gaineratu zuen herriko alkateak. Hizkuntzaren aldetik, ikastetxeen ia %100ak bisitak euskaraz jaso dituela adierazi zuen Juanjo Aranburuk, Ekainberriko gerenteak. Gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ere bermatu dira.
Lili jauregiaren berreskuratzea
«Urtebete egin du. Ume txiki bat da oraindik eta eskutik helduta eman behar ditu bere lehen pausuak. Horretan lagunduko diona Lili jauregia izango da», esan zuen Olaizolak. Izan ere, Ekainberritik metro gutxira dagoen XIV. mendeko Lili jauregi gotikoaren eraberritzea martxan dago jada, bisita osatuago bat lortu asmoz. Jauregia datorren ekainaren amaierarako prest egotea espero dute, eta egingo diren lanek 730.000 euro inguruko kostua izango dute.
Hasiera batean dorretxea zenak, zazpi interbentzio jasan ditu historian zehar, bere itxura guztiz aldatuz. Jauregia XV. mendekoa da eta horixe da lan hauekin berreskuratu nahi dena. Lili leinuaren sortetxea izan zela uste da. Monumentu izaera duen jauregiak, hasiera batean izandako L forma izango du berriro. Hasierako asmoen artean museo bezala erabiltzeko proiektua bazegoen ere, legealdi honetan ez dela horrelakorik finkatu eta momentuz berreskuratze lanak egingo direla azaldu zuen Aranburuk. Ondoren ikusiko da zer egin bertan.