Laudioko saioarekin itxiko da datorren geltokira doan bagoiko atea
Askoren nerbioak dantzan jarriko ditu gaurko saioak. Eta seguru ez dutela kalkulagailuaren beharrik puntuazioaren gorabeherak aztertzeko, seguru ondo buruan dituztela. Gaur arratsaldean Laudion jokatuko da final-laurdenetan seigarrena eta azkena, eta horrekin itxiko da finalaurrekoetara pasatuko direnen behin betiko zerrenda. Saioko lehenarentzat izango da txartel bat, eta besteren batek ere lor dezake 622 puntuen langa gainditzen baldin badu.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Txapelketa abiatu zenetik hiru aste joan dira. Motza irudituko zitzaien batzuei eta luzeegia, segur aski, beste batzuei. Gaur Laudion jokatuko da final-laurdenetan seigarrena eta azkena. Giro beroa eta nerbioak dantzan. Seguru. Bertsolari batek baino gehiagok honezkero buruz jakingo ditu behin-behineko sailkapeneko puntuazioak eta zain egongo da Laudioko saioak zer emango, horren arabera igoko edo jaitsiko baita hurrengo geltokira abiatuko den bagoitik. Eta hurrengo geltokian zer? Ba, finalaurrekoak, finalaren lehendabiziko ataria.
Erdiak eta erdiak
Laudion arituko diren sei bertsolarietatik erdiak bizkaitarrak dira eta beste erdiak, gipuzkoarrak. Guztiak 30 urte edo hortik beherakoak dira.
Fredi Paia Txapelketa Nagusian eskarmentu gehien daukana da, aurtengoa hirugarren aldia izango baitu. Paia algortarra da eta 28 urte ditu. Txapel Bete Bertso, Zaharrak Berri Tour, Bertso Tranpak, Hudaltzainak, Payadoreak eta bertsolaritzarekin lotutako ekimen berritzaile askotan aritu izan da. Bost aldiz izan da Bizkaiko finalista eta aurreko bi Txapelketa Nagusietan finalaurrekoetaraino iritsi zen.
Onintza Enbeitarentzat, Iñigo Izagirrerentzat eta Jon Martinentzat bigarren Txapelketa Nagusia izango da aurtengoa. Enbeita muxikarra da eta 30 urte ditu. Bizkaiko Txapelketan lehenengoz 1998an parte hartu zuen eta azken bietan finalean izan da.
Iñigo Izagirre itziartarra da eta 28 urte ditu. Gai-jartzaile lanetan aritu izan da, baita bertso-eskoletan eta hezkuntza arautuan bertso irakasle lanetan ere. Beretzat bigarren Txapelketa Nagusia da.
Jon Martinek ere 28 urte ditu eta oiartzuarra da. Hamaika Bertuteko kidea da eta Oiartzungo Bertso Astearen antolatzailea. Gipuzkoako azken bi finaletan, 2003an eta 2007an, finalista izan da.
Nagusiko oholtza lehendabizikoz zapalduko dutenak Miren Amuriza eta Arkaitz Oiartzabal «Xamoa» izango dira. Oiartzabal oiartzuarra da eta 24 urte ditu. Hamaika Bertuteko kidea da eta 2007ko Gipuzkoako Txapelketan antolatzaile taldean aritu zen. Kantuan ere parte hartu zuen.
Miren Amuriza izango da saioko gazteena, eta orokorrean txapelketako parte hartzaile gazteenetarikoa da. 19 urte ditu eta berriztarra da. Bizkaiko eskolarteko hiru txapel eta Euskal Herriko bat jantzi ditu. Oholtza txikitik handira pasa da orain.
Saioa Laudioko Lamuza Granja kiroldegian izango da, 17.30ean hasita. Guztira, 1.100 lagunentzako tokia egokituko da eta sarreren erdiak dagoeneko salduak daude. Bertsozale Elkartetik eta Txapelketa Nagusiaren antolaketa taldetik saioetara garaiz joateko dei berezia egin diete sarrera Internet bidez erosi dutenei edota sarrera-bonoak dituztenei. Azken saioetan izan diren leku arazoak direla-eta eskatu diete hori.
Finalaurrekoetan zain
Laudioko saioarekin itxiko da behin betiko sailkatuen zerrenda. Hartara, lehen fasean parte hartu duten 36 bertsolarietatik 17 pasako dira hurrengo fasera: sei final-laurdenetako txapeldunak eta puntuazio onena lortu duten beste hamaika bertsolari.
Finalaurrekoetan trenera igotzeko zain daude 2005eko finalistak: Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Jon Maia. Lehendabiziko finalaurrekoa Bergaran izango da azaroaren 7an.
Laudion arituko den seikotean denak dira 30 urtekoak edo hortik beherakoak. Hiru bizkaitarrak dira eta beste hiruak, gipuzkoarrak. Erabakigarria da saioa.