Ohorezko maila
Puntuak beharrezkoak dituzte euskal taldeek atzera ez begiratzeko
J.L. | BAIONA
Bi asteko atsedenaren ostean, bihar itzuliko da Ohorezko Maila, eta bertan ari diren euskal taldeek norgehiagoka gogorrak izango dituzte.
Agian samurrena, Gernikak izango du bihar, 12.00etatik aurrera Santboianaren aurkako neurketa. Bizkaitarrak ongi hasi dira liga honetan, nahiz eta atzeko postuak gertu dituzten. Itxura bikaina ematen ari dira, eta kataluniarrak mendean hartu beharko lituzkete. Gainera, aste honetan Juan Pablo Solarmo jokalari argentinarra fitxatu dute.
Pegamo Bera Berak ere etxean jokatuko du bere partida, bihar 12.00etatik aurrera Cajasolen aurka. Sevillarrek ere talde indartsua dute, baina baita donostiarrek ere, eta goialdean ibili nahi baldin badute, beharrezkoa izango dute etxeko partidak irabaztea.
Gipuzkoarrek ere aste honetan bi fitxaketa egin dituzte, Tama Makamaka eta Doley Harber heldu baitira Donostiara. Bi jokalariak Zeelanda Berrikoak dira.
Ampo Ordiziak izango du aurkari zailena, bihar El Salvadorren zelaian ariko baitira 12.30etatik aurrera. Goierritarrek oso norgehiagoka gaiztoa dute eta zaila izango dute garaipena lortzea.