GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Amaia Markuleta Itzultzailea

Euskaltzaindia, «Erlea», Atxaga, Pamiela

Ez dakit zer den auzi honetan tristeena: galdutako aukera, Euskaltzaindiaren irudiari egindako kaltea, kontua bera, euskalgintzaren apatia edo honek guztiak dakarren etsipena

Euskal idazle, editore, kazetari, kritiko eta irakurleok esku artean daukagu azkenean Euskaltzaindiaren aldizkari literarioa, «Erlea». Kostata, baina lortu du azkenean gure Akademiak hain beharrezkoa genuen proiektua erditzea.

Urtetan ahots ugari altxatu dira gurean horrelako egitasmo baten eske. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetako literatur aldizkariak desagertu zirenetik, «Euskaldunon Egunkaria», «Berria», «Egin» eta «Gara» egunkariek batez ere; «Argia», «Aizu!», «Nabarra», «Jakin», «Beterriko liburua» eta beste aldizkari batzuek; Euskadi Irratiko «Arratsaldekoa» saioak batik bat (EIEk martxan jarri dituen saioekin batera); Eroski Fundazioak babesten zuen -zuen, bai- ETB1eko «Sautrela» saioak eta han-hemenka sortu diren blogek hartu behar izan dute beren gain gure sistema literarioari buruzko edozein lan edo hausnarketa; erreportajea, elkarrizketa, gogoeta edo eta kritika (ezin aipatu gabe utzi «Susa»ko lagunen ekimenaz eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz www.armiarma.com-ek hauek guztiak biltzeko egin duen eta egiten duen lan eskerga). Ekimen horien azpitik edo paraleloan, Euskal Herri osoan hedatzen joan diren irakurle talde eta literatur ekimenak (Eako poesia egunak, Literaturia, Ahotsenea, 111 Akademia...) gogor eta gogoz borrokatu dira euskal literatura bizirik mantentzeko eta zabaltzeko.

EIEk zein elkartetik kanpo dauden idazle, argitaletxe, Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskaltzaindia, ez dira gai izan gutxieneko errespetua eta onespena bereganatuko zuen inolako proiekturik martxan jartzeko. Literatur sariak, aldizkariak, liburuak eta ekimenak sarri mesfidantza eta liskar iturburu izan dira batzeko gune baino (muturreko bi adibide ezberdin aipatzearren, horra Gure Gauzak SAko salaketa gogorrak edo «Utikan!» manifestua).

Urtea joan urtea etorri, gure literatur sistema txikia hala nolako estandarizazio batean sartzen joan delarik -eta ez diot hau batzuen triunfalismoaz-, gero eta argiagoa izan da guztiontzat funtsezko hainbat alderditan euskal literatura umezurtz dagoela.

Aitortu behar zaio Euskaltzaindiari (EHUri ez bezala) azken urteotan guztion ahotan zebilen hutsune hori bete nahi izana. Bernardo Atxagaren izendapena norabide horretan urrats inportantea izan zen eta esango nuke guztiok begi onez ikusi genuela izendapena. Begi onez ikusi genuen ere literatur aldizkari bat martxan jartzeko egitasmoa. Hain zen larria premia!

Azkenean, asmo horren emaitza esku artera heldu zaigularik, uste dut dezepzio, etsipen, baita haserre puntu batez ere hartua izan dela «Erlea». Aurkezpen egunean bertan jakin izan genuen Atxaga bera zela aldizkariaren zuzendaria -logikoa zenez-, baina komunikabideetan agertutako beste kolaboratzaileen izenak entzun orduko, askori harridura eta susmo ilunak sortu zitzaizkigula esango nuke. Aldizkaria banatzen hasi zelarik, balio dituen hamabi euroak ordainduta (12!), gure susmorik okerrenak egiaztatu genituen. Aldizkariaren staffa Bernardo Atxaga bera, Txema Aranaz, Asun Garikano, eta Fernando Reyk osatzen dute; diseinuaren arduraduna Lamia/Pamiela argitaletxea da, banaketarena Pamiela eta inprimaketarena Ona moldiztegia.

Inozoa, pentsatu nuen niretzat, hain argia zen adiskidekeria kasuak zalaparta itzela sortuko zuela euskal literaturan eta euskalgintzan oro har. Baina badirudi gure sistemaren estandarizazioak hainbat normaltasun edota normalkeriarekin batera, axolagabekeria, etsipena eta beldurra ekarri duela gurera. Gure Akademiaren aldizkari literarioaren ardura argitaletxe bateko akziodun bati uztea eta honek aldizkariaren ardura bere editore, zuzentzaile, banatzaile, inprimatzaile eta itzultzaileari (eta barka honek pertsonalegia ematen badu, ez baita hori asmoa; baina aipatzea merezi duela uste dut: emazteari) uztea salagarria zela uste nuen. Euskal musikarien artean Kepa Junkerari emandako dirulaguntzaren aurrean eman zenaren antzeko erantzunen bat sortuko zela uste nuen. Bistan da ezetz. Ustel usaina dago gure letren errepublika -edo oligarkia?- txikian.

Ez dakit zer den auzi honetan tristeena: galdutako aukera, Euskaltzaindiaren irudiari egindako kaltea, kontua bera, euskalgintzaren apatia edo honek guztiak dakarren etsipena. Bistan da euskal literatura eta euskal irakurleria umezurtz jarraitzen dutela. Eta, hala ere, hobe umezurtz sasiko baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo