AEBen base militarrak Japonian mantentzeko eskatu dio Obamak Tokiori
Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak Tokio eta Washingtonen arteko hitzarmen militarraren garrantzia azpimarratu du, eta Hatoyama japoniar agintariari eskatu dio base militar estatubatuarrak manten ditzala, bere «herriaren interesen alde».
GARA
Barack Obama presidente estatubatuarrak atzo, Japoniara bisitan joateko egun batzuk baino ez dituenean falta, Gobernu japoniarrari dei egin zion bi herrialdeen arteko itun militarra manten dezan, eta ondorioz, AEBek artxipelagoan dituzten base militarrak bere horretan utz ditzan.
Japoniako base militar estatubatuarren etorkizunaren gaineko eztabaida puri-purian dagoen honetan, Washington eta Tokioren arteko hitzarmen militarrak Japoniaren «interesen alde» egiten duela adierazi zion Obamak Yukio Hatoyamari, agintean bi hilabete baino ez daraman presidente japoniarrari.
Hatoyama buru duen zentro-ezkerreko gobernuak, aurreko exekutiboak AEBekin 2006an sinatutako itun militarra berraztertzeari ekin berri dio. Hitzarmen horrek 47.000 soldadu estatubatuarren presentzia ahalbidetzen du, horietatik erdia Okinawa uhartean (hegoaldea) dagoelarik.
Barack Obamaren hitzen arabera, «normala» da uhartediko gobernuak akordioa gainbegiratzea. Hala, agintari japoniarrek, behin azterketa amaituta, baseei buruz bi herrialdeek adostutako erabakiak Japoniaren interesen aldekoak direla ondorioztatuko dutela ziurtatu zuen.
Desadostasuna
Bi herrialdeen arteko desadostasun nagusia Futenmako hegazkin basearen kokapena da. Gaur egun, Okinawako hirigune batean dago, eta bertatik uharteko badia isolatu batera aldatzea da asmoa.
Kontua da begiz jotako gune hori ekologistek babestutako eremua dela, eta beraz, AEBek 2014rako bertan berreraiki nahi izan arren, uharteko beste guneren batera edo artxipelagotik kanpora eramateko aukerak aztertzen ari da Yukio Hatoyamaren Gobernua.
Tentsioa nagusi den giro honetan, bestalde, Yukio Hatoyamak dei egin zion AEBetako Armadari hirurogei urte inguruko Okinawako herritar bat autoarekin harrapatu ostean ihes egin eta hiltzen utzi zuen soldadua poliziari entregatzeko.
Prentsak zabaldu zuenez, soldadu hori Okinawako basean atxilotuta dago, eta horren gainean galdetuta, honakoa erantzun zuen agintari japoniarrak: «Egia bada militar estatubatuarrek atxilotu egin dutela, gustatuko litzaidake gure agintariei entregatzea».
Japonian dagoen Armada estatubatuarraren estatutuek zehazten dutenaren arabera, hilketa salaketa duten soldaduak ezin dituzte uharteko agintarien esku utzi, akusazio formal bat egiten ez den bitartean.
Okinawa uhartean dagoen base militar estatubatuarrak eragindako eragozpenak eta segurtasun falta direla-eta, 20.000 lagun inguruk parte hartu zuten iragan igandean egindako protestan.
Bihar hasiko duen bisitan Hiroshima eta Nagasaki bisitatzea gustatuko litzaiokeela azaldu zuen Obamak. «Tamalez», ezinezkoa izango duela gaineratu zuen, Japonian bi egun baino ez dituelako emango.