Ikas-Bik eta EEPk gogoeta taldea eratu dute hizkuntza gutxituen legea sustatzeko
Ikas-Bi hezkuntza publiko elebiduneko gurasoen elkarteak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin, Estatu frantsesean hizkuntza gutxituen legearen sorrera sustatzeko gogoeta taldea eratu dute.
Idoia ERASO | BAIONA
Sarkozyren Gobernuak 2008an hitzemandako hizkuntza gutxituei buruzko legearen egitasmoa bertan behera geratu dela gero eta ageriagoa da. Hori dela-eta, lege horren sorrera bultzatzeko gogoeta taldea antolatu dute Ikas-Bi guraso elkarteak eta FLAREP sareak, hezkuntza publikoan eskualde hizkuntzen erabilera sustatzen duten guraso elkarteen federazioak. Horretarako, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) laguntza eskatu du Thierry Delobelek, Ikas-Bi elkarteko eta FLAREP sareko presidenteak: «EEPn oinarrituko gara egitasmoak aurrera jarraitu eta legea bozkatu dadin».
Asanblea Nazional frantsesean legearen sorreraren alde dagoen lantaldearekin izan dituzte harremanak. Ezbaian dauden diputatuekin hitz egingo dute orain, lege proiektuaren faltan, behintzat lege proposamena gara dezaten. Alta, EEPko presidente Max Brissonek gogorarazi zuenez, lege proposamenak ez du balio zehatzik: «Albanel ministroak erran zuena interesgarria zen, Gobernutik zetorren egitasmoa zelako. Lege proposamena garatuta ere, gero Gobernuan jarraipena izan beharko du; hori da irteera bakarra».
Lege proposamena bultzatzen duen gogoeta taldearen egitasmoa sostengatzen badu ere, EEPko presidenteak argi adierazi zuen lege hori gauzatzeko gakoa non dagoen bere ustez: «Ni orain baimendutako ahots baten erranaren zain nago».
Konstituzioarekin bat
«Konstituzioarekin bateragarria den lege proiektua beharrezkoa dugu», baieztatu zuen Delobelek. Egitasmoa garatzeko, Alsaziako jurista talde bat gaia aztertzen ari da, Konstituzioarekin bateragarriak izango liratekeen eremuak definitzeko.
Brissonek ere legearen beharra nabarmendu zuen: «Lege esparrua guztiz beharrezkoa da hizkuntza politika iraunkor bat garatu ahal izateko».
Bestalde, EEPko presidenteorde Frantxua Maitiak nabarmendu zuenez, gizartearen errealitatearen isla izango den lege hori, beharrezkoa izateaz gain, gauzatu ere egingo da. «Ni ez naiz Max Brisson bezain latza. Ziur legea egingo dela, bihar ez baldin bada, beste egun batean».
Estatu frantsesean identitate nazionalari buruzko eztabaida garatzen ari dela kontuan hartuta, euskal eta frantses nortasuna atxikitzearen aldeko apustua egin zuen Delobelek: «Errespetua, geure nortasunarenganako errespetua izatetik hasten da».