Arau-hauste larri bat dela-eta, Lakuak zehapen espedientea ireki dio Zabalgarbiri
GARA | GASTEIZ
Lur azpiko uren analisietan metal astunak hauteman ondoren, Lakuako gobernuak zehapen espedientea ireki dio Zabalgarbi erraustegiari arau-hauste «larria» dela-eta. Hain justu ere, erraustegiaren azpitik Ordunte ubidea igarotzen da, Bilbora edateko ura eramaten duena.
Lakuako Ingurumen Saileko sailburuorde Nieves Teranek azalpenak eman behar izan zituen atzo Legebiltzarrean Zabalgarbi erraustegi inguruko lurretan ustez gertatu den kutsadura areagotzeari buruz. Bere hitzetan, uztailean erraustegian izan ziren arazoek lur azpiko urei egin zieten kalte eta ez lurrei, baina «ez zen kutsatzerik gertatu». Gainera, Teranen arabera, arazo horiek «ez dute ingurumena edo pertsonen osasuna arriskuan jarri, ez eta jarriko ere». Ordunteko ubideko uren kalitatearen gainean, bestalde, sailburuordeak osasungarritasuna «une oro bermatua» egon dela baieztatu zuen.
Uztailean kanalean nikel maila handia aurkitu zuten, baina ondoren Bilboko Udalak egindako azterketa berri batean emaitzak «normalak» zirela argitu zuen Teranek, horregatik, «ziur asko akats analitiko bat» gertatuko zela esan zuen.
Era berean, Zabalgarbik martxoan, apirilean eta maiatzean uren analisietan hainbat «desbideratze» izan zirela jakinarazi zion «ahoz» Udalari. Erraustegiaren kontrolerako bi ur putzutan ohi baino artseniko, zink eta kloruro gehiago atzeman zen. Teranen esanetan, hortik gertu «baimenik gabe» egindako mantentze lanak izan liteke horren iturburua.
Ingurumen sailburuordeak, horrenbestez, «iragazgaiztu gabeko lurretan ustez arau-hauste larriak egiteagatik eta horien berri berehala ez emateagatik» enpresari espedientea ireki diotela azaldu zuen.