GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Etxebarria «Txontxe» Askapena

Harresi kapitalistaren aurrean herri(tar) heziak

Herritar ideologikoki heziek baino ez dute botako kapitalismoaren eta inperialismoaren harresia eta XXI. mendeko sozialismoa eraikitzea ahalbidetuko

Azken egunotan Alemania -eta gehiago- bitan zatitu zuen Berlingo Harresia erori zeneko 20. urtemuga dela-eta, klase dominatzaileen diskurtsoa behin eta berriro entzunarazi digute hedabide handiek. Hori hipokrisia! Potentzia dominatzaileek harresiak eraiki dituzte eta eraikitzen segitzen dute. Batzuk herriak suntsitzeko harresiak dira, Saharakoa eta Palestinakoa kasu, eta beste batzuk herri zapalduei lapurtutakoaz gozatzeko muga harresiak dira, Europar Batasuneko mugak edota AEBetako hegoaldekoa, esaterako.

Hala ere, harresi fisiko horiez gain, badaude bestelako «harresiak». Orain 20 urte Berlingo Harresia erori eta berehala potentzia kapitalistek euren harresi ideologikoa inposatu zuten. Ideologia kapitalista sozialistari gailendu zitzaion, Historia amaitu omen zen. Egia da artean existitzen zen sozialismo motaren porrota etorri zela, barne zein kanpo faktoreengatik, baina aurrekoa bataila bat baino ez zen izan. Harresi bat erori zen eta kapitalistak harresi berri bat eraikitzen ahalegindu ziren, Historiari harresi bat jarri nahi izan zioten haren amaiera agintzeko.

Herri zapalduen eta langile klasearen borrokak 90eko hamarkadan txikiagotu bai, baina ez ziren gelditu. Nahiz eta ezkerra denbora batean kolpatuta egon. Historiak -ezinbestean- aurrera jarraitu zuen eta hainbat prozesu iraultzailek proiektu alternatibo berri bat eraikitzeari ekin zioten kapitalismoaren harresian pitzadurak sortuz. Kubak eta Palestinak inperialismoari aurre egiten jarraitu zuten bitartean, haien erresistentzia eredugarriari, besteak beste, nekazari, langabe eta jatorrizko herrien matxinadak gehitu zitzaizkien, batez ere, Abya-Yalan -Latinoamerikan-. Aipatutako borrokek eraldaketarako baldintza objektibo eta subjektiboak sortu zituzten. Hala, azken urteotan Venezuela, Bolivia eta Ekuadorren alderdi aurrerakoiek, langileriaren eta herri sektoreen babesarekin, boterea bereganatu dute. Era berean, XX. mendeko sozialismoari irakurketa kritikoa egin eta proiektu alternatiboa garatzen hasi dira, XXI. mendeko sozialismoa delakoa.

Beraz, prozesu horiek Historia ez dela amaitu erakusteaz gain, proiektu alternatiboa egituratzeko lan-ildo posibleak ere erakusten dizkigute. Hori bai, gure erantzukizun internazionalista eta sozialista da iraultzaile latinoamerikarrak sortzen hasi diren pitzadurak Europatik handitzea. Bide horretan Euskal Herria aspaldi hasi zen urratsak ematen eta dagoeneko espainiar eta frantziar «harresi» asimilazionistak apurtzea lortu du 50 urteko nazio askapen borrokaren ondorioz. Behin hori lortuta, aurrera egiteko unea da. Eraikitzen ari diren alternatibari ekarpenak egin eta Euskal Herrian geure propioa garatzeko momentua da.

Horretarako, ezinbesteko dugu, prozesu demokratikoaren fase berri honetan bereziki, heziketa eta formakuntza politikoa indartzea eta borroka ideologikoan sakontzea gure proiektu estrategikoa den euskal estatu sozialistaren bidean. Izan ere, herri eta herritar ideologikoki heziek baino ez dute botako kapitalismoaren eta inperialismoaren harresia eta benetako alternatiba, XXI. mendeko sozialismoa, eraikitzea ahalbidetuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo