Zertarako euskara erdarak edukita (II)
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Hona hemen «Euskara eta Rocka» sailaren bigarren alea, Jonek proposatuta -norbaitek irakurtzen du zutabe hau-; zergatik hitz egiten dute erdaraz beraien artean euskaraz kantatzen duten rock taldeetako kideen %80k? Kontuan hartu aurrekoaren harira agertutako arrazoietatik bi gutxienez aplikatu daitezkeela ere honako honetan; lehena, eguneroko hizkuntza erdara dutela, nahiz eta euskal hiztunak izan, eta, bigarrena, hainbeste urtetako hizkuntza politikek ez dutela euskara erakargarri bilakatzerik lortu, euskal gazteen ehuneko handi batentzat.
Bale, hori agerikoa da. Baina ez al da kuriosoa gertatzen, emozioz betetako ereserkitan, gure hizkuntza txukun eta garbia kantatzen dutenek, oholtzatik jaitsi eta Cervantes edo Eskorbutoren hizkuntzan jo eta su aritzea? (hau benetakoa da). A! noski, hizkuntzak politak dira, ez direlako erabiltzen. Erabiltzen direnean hizkuntzak zikin, mestizo, akastun bilakatzen dira eta nork nahi du euskara zikin, mestizo eta akastuna kantatu? Qué bonito es el Euskara esa lengua milenaria...
Baina, noski, kontua askoz ere konplexuagoa da eta badira beste azalpen posible batzuk, aurrekoan bezala, zeuok aukeratu egokiena. Lehenik eta behin, arrazoi komertzialak aipatu behar dira, askoz ere aukera handiagoa duzu EHn entzute minimo bat lortzea euskaraz kantatzen baduzu, beraz, egin dezagun euskaraz, baina mandarineraz egin beharko bagenu... Mandarineraz. Inozoak, EHn diskoak saldu edota musika entzuten dela uste dute!!
Jar dezagun talde asko mistoak direla. Bigarren arrazoia, integrazioarena. Badira euskara dakiten eta euskara ez dakiten taldekideak. Guztiok dakigun moduan aski da euskaraz ez dakien bat 2.000 euskal hiztun haien artean erdaraz hitz egiten jartzeko. Eta hau ez da euskara ez dakiten rockeroen errua. Euskara jakinda erabiltzen ez duten rockero deskastatuena baizik. Artzek esango zukeen moduan. Azkenik, bada arrazoi benetan praktikoa. Zein da rockaren mundu arriskutsu eta neketsuan murgiltzeko, oholtzara igo, elastikoa kendu eta mikro hanka airean alde batetik bestera mugitzeko arrazoi nagusia? Ospe apur bat lortzea eta batez ere ligatzea. Eta aizue, izan gaitezen zintzoak, zein hizkuntzatan ligatzen da EHan?
Beste ezer bururatuz gero, bota ostatua@info7.com helbidera. Mila esker.