GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Kronika | Musika industriari buruzko jardunaldiak BEC-en

Indarrak batu, aurrera egiteko

Euprel (Euskal Promotoreen Elkartea) erakundearen deiari segika, Euskal Herriko musika industriaren sektorea osatzen duten hirurogei eragilek bat egin dute Barakaldoko (Bizkaia) BEC gunean ospatu diren jardunaldietan. Diskoetxe, musika sustatzaile, programatzaile, kontzertu areto eta musikari ugarik bizi dugun garaion inguruan gogoeta egin dute.

p046_f01_199x116.jpg

Koldo OTAMENDI

Euskal Herriko musika industriaren egungo egoerari buruzko gogoeta egiteko bildutako eragile gehienak ezkor agertu ziren egun pairatzen ari garen egoerari so. Indarrak metatzeko garaia dela aldarrikatu, eta sektorearen benetako indarra era bateratuan azaltzea beharrezkoa dela adierazi zuten, «erakundeen aurrean sektore gisa bat eginik azaltzeko». Euprel erakundea duela hiru urte inguru sortu zen, musika sektoreko hainbat eragile batu eta elkartea martxan jartzearekin batera. Ordura arte era indibidualean aritutako enpresak, modu kolektiboan aritzeko eta garai berrietara egokitzeko beharrek bat egin dute elkartearen sorreran.

Egindako gogoeta saioetatik sortu zen «Musika hizpide, musika lanbide» jardunaldiak antolatzeko proposamena, non «Euskal musikaren industriaren gaineko lehen eztabaida saioak» izenburupean, komunean aurrera egiteko mugarriak ezarri nahi izan diren. Bi egunetan BEC gunean bildutakoek, Euprel-ek espresuki buruturiko bost dokumental izan dituzte abiapuntu. Aitor Narbaiza eta Mikel Clementek buruturiko dokumentaletan, lehen pertsonan eginiko elkarrizketa saioen bidez musika industriaren arlo ezberdinak ukitu dituzte. Aztertu diren gaiak sektorearekin lotura zuzena dute ezbairik gabe. Musika, kultura izateaz gain, industria ere badelako jardunaldietara gerturatu diren dozenaka sustatzaile eta enpresentzat. «Euskal musikagintza», «Promozioa eta zabalkundea», «Kultur politika eta kultur estrategia», «Laguntza eta diru-laguntzak» eta «Promozioa eta zabalkundea» izan dira lehen topaketa hauetarako aukeratutako gaiak. Bi egunetan ospatu diren topaketak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren babesa izan du.

Dokumentaletan agertzen diren guztiek, musika industriarekin lotura zuzena dute, eta eszena bertako protagonisten hitzetatik errealitate ezberdinak azalarazten dira. Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu eta Aitor Goikoetxea, Gose taldeko Ines Osinaga, Rafa Rueda, Roberto Moso, Anje Duhalde eta Ken Zazpi-ko Eñaut Elorrieta musikariak, eta Sergio Cruzado (Gin Tonic produkzioak), Ritxi Aizpuru (Baga-Biga musika ideiak), Jose Angel Serrano (Producciones Serrano), Unai Fresnedo (Radiation Tours), Alberto Bocos (Kultura Live), Josune Ariztondo (Bizkaiko Foru Aldundia), Mikel Camino (Syntorama), Ignacio Casado (SGAE)... musika industriako sektore ezberdinetatik hainbat gogoeta egin zituzten. Horietako asko, hirurogei lagun inguru, BEC gunean izan ziren, eztabaida guneetan ekarpenak eta kexak adierazten.

Krisia gora eta behera

Jardunaldiak musika industriaren ingurukoak izanik, Euskal Herriko musika eszenan garrantzi handia duten gaztetxe eta gune okupatuek ere saio horietan parte hartu beharko luketen arren, ez ziren bertan izan. Era berean, diskoetxe herritar edo zigilu txiki autogestionatuek ez dute islarik izan goiz-arratseko gogoeta saioetan, nahiz eta beren lana goraipatu eta aldarrikatu den parte hartu duten zenbaitzuen aldetik. Azken batean, gaztetxe eta diskoetxe alternatiboek musika industriatik kanpo kokatzen dute euren burua, nahiz eta sortzaile berriak sustatzeko ezinbesteko tresna izan gure lur eremuan.

Gogoetarako nahikoa denbora izan zen BECen. Azken urteotan zuzeneko emanaldiak izan duten ikusle beherakada, sortzaile berrien inguruko interes falta, disko salmenten krisia, musikariek jaso beharko lituzketen diru-laguntzak eta musika zabaltzeko Euskal Herriko komunikabideek duten papera izan ziren jorratu zituzten gaietako batzuk, beste askoren artean.

Azken alor honetan, EITBk musika eszena nola kudeatzen duen eta bertako musika sustatzeko duen erantzukizuna izan ziren parte hartzaileen artean piztutako eztabaida sutsuenen iturburu. Honako gaiak eta beste hainbaten inguruko gogoeta saioak izan dira eta arlo bakoitzeko langileen esperientzia eta bizipenak trukatu dituzte bertan bildutakoekin. Musika industria eragile ezberdinek osatzen dute, bakoitza bere asmo eta lan ildoekin.

Guztiek musika eszena osatu arren, ez da gauza bera musikari batek, diskoetxe batek, edota zuzeneko sustatzaile batek izan dezakeen azken asmoa, nahiz eta azken batean, guztiok, artistaren onura bilatu.

«Garai berrietara egokitzea» ezinbestekoa dela ondorioztatu da jardunaldietan. Industriak azken urte hauetan bizi izan duen iraultzak kokagune berrietara mugitzeak eraman ditu sektoreko hainbat eragile. BEC gunean egin diren topaketak, «bidea egiten jarraitzeko mugarri» izan behar direla adierazi dute, aurrean dagoen bide malkartsuan pauso sendoak eman ahal izateko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo