GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Euskal diasporari buruzko lana, Versant antzerki taldearen esku

Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Piel Por Berzaitzen testuetan oinarrituta, Le Théâtre du Versantek euskal diasporari buruzko antzezlan bat estreinatuko du gaur Bordalen. Beste lau taldek parte hartzen dute antzezlanean, kultura aniztasunaren eta trukeen aldeko apustua eginez. Azaroan eta abenduan Euskal Herrian zehar izango da, Quebecera bidaiatu aurretik.

GARA | GASTEIZ

Ez da Le Théâtre du Versant taldeak nazioarteko esperientzia bat gauzatzen duen lehen aldia. Orain dela hamar urte egin zuten trukeen bidez erdietsi daitekeen kultura aniztasunaren aldeko apustua eta horretan jarraitzen dute, «Diaspora Bidaian» ekimenari arreta jarriz gero, ikus daitekeenaren arabera. Gaur estreinatuko da antzezlan hau Bordalen eta bihar ere beste emanaldi bat eskainiko dute bertan. Lan honetan konpainia honez gain, beste lau taldek ere parte hartzen dute, Venezuelako Contrajuego, Quebeceko Le Cochon SouRiant, Haitiko Ayizan eta Euskal Herriko Oihulariklown.

Ikuskizun berri honetan euskal kulturak beste kulturetan daukan tokia aztertu nahi dute. Baina bada beste helburu bat, nazioarteko artista sare bat osatzea guztien arteko elkarlana sustatzeko asmoz.

Amerikarantz

Leon eta Jean-Baptiste Uturburu anaiak dira «Diaspora Bidaian» lanaren oinarria. Barkoxtar hauek Ameriketara joan ziren 1820. urtean. Hauetako batek oso bizimodu bitxia izan zuen, bere bidean hainbat pertsonaia famatu ezagutu baitzituen; esate baterako, Simon Bolivar eta Darwin. «Ospearen gailurrean eta gaitzeko fortunaren jabe zelarik, Barkoxera itzuli zen eta hor bizi izan zen, hil arte». Baina ez da, antzeman daitekeen bezala, historiari buruzko antzezlan bat. Garaiak eta lekuak nahasten dira. Hainbat lekutatik igarotzen da, hala nola Quebeceko euskaldunen uhartea, Venezuelako basa-oihana eta Bordaleko kaiak. Ez dira, hala ere, lekuak bakarrik nahasten, hainbat hizkuntza agertzen baitira oholtza gainean: euskara, frantsesa eta batzuetan kreolera ere bai.

Istorioa gorpuzteko, Pier-Pol Berzaitzek Uturburu anaien biziei buruz azaldutakoa hartu dute eta, horrez gain, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia idazleen testuekin hornitu dute. Azkenik, ikuskizuna osatzeko, emanaldiak bideo proiekzioa izango du. Bertan, Ameriketara joan eta Euskal Herrira itzuli diren beste bi pertsonen lekukotasunak ezagutzeko aukera izango da. Alde batetik, Mayi Oçafrainen bizitzaren berri emango da, Kaliforniara joan zena 1970an eta, bestetik, Jean Pierre, 1951n Errecara joan zena. Bideoak Euskal kultur erakundearen «Eleketa» iparraldeko memoria kolektiboaren bilketa programaren barnean egin dira.

Gaur izango da ikuskizun hau eskainiko den lehen aldia, Bordalen eta bihar ere herri horretan izango dira. Horren ondotik, partaideek badute zein herri bisitatu. Azaroan eta abenduan Euskal Herrian izango dira, eta ondoren, 2010ean, Quebecera era bidaia egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo