Legorretan ere ez dituzte AHTrako lurren desjabetza aktak sinatu
Dozenaka herritarrek AHTren aurkako protesta eguna izan zuten atzo Legorretan. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanetik deituta, Sustapen Ministerioko ordezkariak iristerako, Udaletxean itxialdia ziren hamar bat lagun eta akten sinatzea bertan behera uztea lortu zuten.
Janire ARRONDO
Herenegun Itsasondon egin bezala, abiadura handiko trenak zeharkatuko dituen lurrak desjabetzeko aktak sinatzea galarazi zuten atzo goizean Legorretan AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek.
Sustapen Ministerio espainoleko ordezkariek goizeko bederatzietan zuten hitzordua jarria Legorretako udaletxean. Iritsi zirenerako, ordea, hamarren bat lagun udaletxe barruan zeuden eta sarrera oztopatua zuten. Kanpoaldean ere, dozenaka lagun bildu ziren lurren «lapurreta» salatzeko.
Ertzain ugari hurbildu zen Legorretako plazara eta bertan protestan ziren lagunei ez zieten utzi udaletxeko atarira hurbiltzen. Kontuak kontu, Ministerioko ordezkariek izapideak egiterik ez zutela ikustean, akten sinatzea bertan behera utzi zuten eta «lapurrak» eta «alde hemendik» gisako oihu artean joan ziren. Horren ondotik, udaletxe barnean zeuden ekintzaileak kalera ateratzean, Ertzaintzak horietako batzuei identifikatzeko eskatu zien. Lakuako Barne Sailetik azaldu zutenez, epaileen esku utzi dituzte ekintzaileen aurkako diligentziak. Eguerdira arte herrian dozenaka polizia ibili ziren, tartean kalez jantzitakoak ugari.
«Denok gara kaltetuak»
Goiz erdian bestalde, manifestazioa egin zuten 40 lagun inguruk Legorretako kaleetan barrena, «Denok gara kaltetuak, Fomento lapurrak!» lelopean. Horrela, «AHTrik ez», «txikitzaileak txikitu» eta «bihotzak hormigoiz beteta dituzue» gisako oihuak bota zituzten. Ibilbide osoan, Ertzaintzaren furgoneta atzetik izan zuten.
Hasi dira lanak Udalaitzen
Azken egunotan Goierriko bi herritan desjabetzak egiterik izan ez badute ere, beste hainbat lekutan eraikuntza-lanak aurrera doaz. AHTren ibilbidean, Arrasate eta Elorrio artean, esaterako, Udalaitz mendiaren hegoaldetik irteera izango duen tunela hondeatzen hasi dira. 3.160 metroko luzera eta abiadura handiko bi bide jaso ahal izateko, 85 metroko zabalera izango du pasabide honek. Horrela, Udalaitzeko tunela izango da Gasteiz, Bilbo eta Donostia lerroko luzeenetako bat.
Lehenbizi tunelak izango duen ibilbidea markatzeko hondeaketak egingo dituzte, eta bigarren fase batean sakonera handiagoa emango diote. Hala eta guztiz ere, tunela eraikitzeko, zulatze eta euste lanez gain, beste hainbat lan ere egin beharko dituzte. Horien artean, barruko sabai bat eraiki beharko da, urak ateratzeko bideak ireki, tunela iragazgaiztu eta, azkenik, estaldura jarri beharko da.
Arrasatetik Elorriorako trenaren bideak 4,4 kilometro inguruko luzera izango du, eta horietatik 3,6 lur azpitik pasako dira, Karraskain eta Udalaitzeko tuneletatik. Ibilbide hori osatzeko, Kobate eta Gabaundiko zubiak egingo dituzte.
Lan horien hasiera iragartzearekin batera, Mikel Cabiecesek, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak, Udalaitzeko tuneletik ateratako ur guztiak arbastatu eta dekantatu egingo dituztela azaldu zuen.