Zelatatu zintzoak eta zelatatu gaiztoak
Eskuina gizarte-kontrol estuaren aldekoa izan da betidanik, segurtasuna herritarren eskubideen gainetik jarriz. Hala eskatu eta hala egin izan du, batzuetan legez, bestetzuetan legez kanpo. Baina Estatu espainolean azkenaldion PPko buruek Sitel izeneko kontrol-sistema bat salatu dute, ez dela legezkoa esanda, beren intimitatea edo negozioak zelatatuta sumatu dituztenean, kasta berezi batekoak diren kontzientziaren jabe. PSOEko Gobernuak esan du kontrol sistema hori PPren Gobernuak instalatu zuela Moncloan. Zergatik ez zuen erabiliko ba eskuinarekiko aldea ikusezina egiteraino txikitzen tematuta dirudienak ere? Eskuinak, legez zein legez kanpo, edozein espioitza sistema erabiltzen zuenean, PSOEk ez zuen halako zalapartarik sortu. Izan ere, herritarren eta erakunde politiko, sozial eta sindikalen kontrako espioitza ez da atzo goizeko kontua. Baina disidentziaren kontra erabiltzea onartuta eta are ondo ikusita dago. Ondo ikusita dago legez kanpoko erakundeen kontra erabiltzea, baina baita legezko erakundeen kontra ere. Ezker abertzaleko hainbat erakunde legez kanpo ezarri baino lehen ez dira gutxi izan haien kontrako espioitza kasuak, inoiz auzitegien zigorra eragin dutenak; hala ere, kasu horietan inork ez du eskubide urraketarik ikusi. Kasuak desberdinak direla esango dute, eta beharbada hala da, beste kasta batekoak baitira.