GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako ekonomia %0,5 hazi zen hirugarren hiruhilekoan

Nafarroako ekonomiak bilakaera positiboa izan zuen aurtengo hirugarren hiruhilekoan %0,5 hazi zen eta. Hori jakinarazi zuen atzo Nafarroako Gobernuak, eta datu horren arabera, Nafarroa atzeralditik atera den lehenengo autonomia erkidegoa izan dela adierazi zuen. Oraindik urtea nola bukatuko den ikusi beharra dagoela aitortu zuen arren, Gobernua atzeraldi ekonomikoak Nafarroan bederatzi hilabete baino gehiago iraungo ez duelakoan dago.
p020_f01-148x100.jpg

GARA |

Nafarroako barne produktu gordinak (BPG) zenbaki gorriak utzi zituen urteko hirugarren hiruhilekoan eta bost hamarreko hazi zen, bigarren hiruhilekoan %1 erori ondoren. Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia sailburuak kaleratu zuen atzo datu hori, eta hazkunde horri eutsi zion Nafarroa atzeraldi ekonomikotik atera den Estatu espainoleko lehenengo autonomia erkidegoa izan dela esateko.

Hala ere, urte osoko joera ziurtatzeko laugarren hiruhilekoko datuak kontuan hartu behar direla adierazi zuen jarraian. Zuhurtasunez jokatzeko eskatu arren, Miranda joera aldaketa baieztatuko delakoan dago eta, era horretan, atzeraldiak Nafarroan bederatzi hilabete baino ez duela iraungo uste du.

Gauzak horrela, datu hauek erakusten duten «joera aldaketa» horren aurrean, Gobernuak orain arte izan duen norabide berari eutsiko diola esan zuen; «atzeraldi ekonomikotik atera gara, baina krisia oraindik ez da bukatu eta sortu den langabeziaren ondorioa daukagulako». CCOO sindikatuaren iritziz, datu hau ekonomiaren bilakaeraren aldaketaren erakusgarri izan daiteke, baina edozein modutan ere, egoera larria ez da gainditu eta zuhurtasunez aztertzeko eskatu zuen. Sailburuaren arabera, Nafarroako hazkunde ekonomikoa UPNk eta CDNk aurrekontuei eta krisiari aurre egiteko hitzartutako neurriei esker lortu da, lan publikoak edo auto salmentak bultzatzeko.

Hain zuzen, horrelako neurriak ere Estatu espainoleko BPGren erorketa leuntzeko lagungarri izan dira. INE estatistika institutuaren arabera, hirugarren hiruhilekoan BPG %0,3 murriztu zen aurreko hiruhilekoaren aldean eta %4 iazko epe beraren aldean.

Apiril eta ekaina bitartean urtetik urterako jaitsiera %4,2koa izan zen.

Datu hori erabiliz, Gobernu espainolak ere atzerako biderik ez dela egongo eta atzeraldia datozen hilabeteetan leunduko dela uste du. Estatuko BPG bost hiruhilekotan jarraian murriztu da, baina Gobernuaren iritziz, murrizketa hori «hamarreko batzutan» jaitsiko da datozen hilabeteotan. Hala ere, Espainiako Bankuak edo Funcas kutxen erakundeak ez dute baztertu egoerak okerrera jotzea, E-Plana edo autoak erosteko laguntzak bukatzen direnean.

Eurogunea

Bestalde, Europako Banku Zentralak (EBZ) 2010. urterako apurkako suspertzea espero du, egoera makroekonomikoan oraindik zalantza handiak daudela onartu arren.

Erakunde horren arabera, Euroguneko estatuetan atzerriko salmentak eta erosketak suspertuko dira eta ekonomia berpizteko eta finantza sistema normaltzeko gobernuek hartu dituzten neurriek eragin positiboa izango dute.

Izan ere, EBZren iritziz, hiruhilekoen arteko hazkunde tasak positiboak izan daitezke urte honen bigarren erdian ere.

Suspertzea

Europako Banku Zentralak susperraldia espero du Euroguneko herrialdeetan, eta urte honen bukaeran eta 2010ean ere hazkunde positiboa izango dela uste du, oraindik ere zalantzak badirela onartu duen arren.

langabezia

Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, langabeziak gora egingo du datozen 10-12 hilabeteetan herrialde aurreratu gehienetan. Funtsaren arabera, «berpizkundea itzuliko da», baina langabeziak gora egiten duenean krisia bukatu dela esatea «zaila» dela aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo