GARA > Idatzia > Kultura

SU TA GAR «20URTE»

Su Ta Gar, 20 urte negua berotzen, haritz edo pago enborrak sutan legez

1998ko abuztuan Ondarroako gaztetxean jo zuenetik zortziehun kontzertu inguru eman ditu Su Ta Gar taldeak, eta ehun bat kantu sortu. Iragan urtean, hogeigarren urtemuga betetzen zutela-eta, rock talde batentzat data esanguratsua zela iritzita, kantu zaharrak berreskuratu, gitarra akusti- koak eta pianoa aurrenekoz oholtzara igo eta ospakizun bira hunkigarri bat burutu zuten eibartarrek, orain «20 urte» deituriko bilduma bikoitzean cd/dvd-an argitaratu dutena.

p034_f01_148x220.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Sutarako bikaina omen da pagoaren edota haritzaren egurra, duten iraupen eta gozotasuna dela-eta. Modu berean dabil Su Ta Gar taldea ere, gurean heavy doinuetan aitzindari direnak oraindik ere bazterrak astintzen baitabiltza.

Oholtza gainean bi hamarkada luze bete zituen iragan abuztuan Su Ta Gar eibartar laukoteak, aurreneko kontzertua Ondarroako gaztetxean eman baitzuen 1988ko abuztuaren 14an. «20 urte» bilduma bikoitza plazaratu dute orain -soinu eta irudi eta guzti-, iazko abenduaren 26an, Gabonen bueltan, Durangoko Plateruenan zuzenean jasoa.

Egun, Xabi Bastida eta Aitor Gorosabelekin batera, Igor Oyarbide baxu-jotzaile nafarrak eta Galder Arrillaga bateria-jotzaileak (Borxa aurreneko bateria-jotzailearen anaia) osatzen du zaletasuna ofizio bihurtzeko bidea aspaldi egina duen laukotea. Azken hogei urteetan zortziehun zuzeneko inguru eskaini ostean, data polita zela-eta, zerbait berezia egiteko asmoa agertu zuten taldekideek, eta «20 urte bira egitea otu».

Eta egin. «Aspaldian jo gabeko kantuak berreskuratzea» egokia iruditu zitzaion laukoteari, Bastidak eta Gorosabelek azaldu dutenez, «eta soinu originalari eutsiz eman». Beraz, taldeak egin ohi duen moduan, autoexijentzia batetik abiatu eta ordura arte inoiz zuzenean egin gabe zutena, «gitarra akustikoak eta pianoa plazara atera genituen, lehen aldiz», erronkari aurre eginda, «orain arte landu gabeko formatuan, argi joko berriarekin, Galderrek inoiz jo gabeko kantuak jota, Igorrek taldean bi urte baino ez zeramatzala...»

Iazko azarotik udaberrira, hamar zuzenekorako izatekoa zen bira, «aretoetan eta talde laguntzailerik gabe», hogeita lau egunetakoa bihurtu zitzaien azkenean, Eibarko Untzaga plazan emandakoa barne, «hunkigarri eta berezia taldekideontzat». Taldekideen arabera, 40.000 zale inguru izango ziren zuzenekoetan parte hartutakoak, -«parte hartzaileak eta hurbilekoak izan baitira oso»-, hamar mila inguru aretotan eta gainontzekoak plazan (Eibarren bakarrik bost mila inguru). Gainera, Euskal Herriaz gain, Kata- lunia aldera ere jo zuten bitan, bertako zaleak asetzeko.

Zaleei dagokienez, eta Gorosabelen esanetan, «entzule berriak biltzeko aukera izan du Su Ta Garrek». Zuzenekoetan «nerabeak ziren lehen lerroetan», eta aspaldiko zaleak atzeragokoetan, «gure haria galduta zuena eta nostalgia puntu batez berriro taldearengana hurbildu zena». Publikoaren erantzuna, beraz, bikaina izan da, eta hunkigarria, «nerabetan dena berria delako, eta entzuten dituzun lehen taldeak magia dutelako».

Ospakizuna

Musika talde batentzat horren esanguratsua izan daitekeen datara heldu eta zuzeneko ospakizuna burututa, lan bikoitz batean bildu eta Jo Ta Ke Ekoizpenak etxean plazaratu dute orain, ohi bezala autoedizioan. «20 urte» lanak iazko Gabonetan Plateruenan jo kontzertua agertzen du, soinu eta irudietan (cd bikoitza eta dvd-a), hasieratik bukaeraraino, bi ordutik gorako saioan eta hogeita sei kantu bereziren bitartez -«hautaketa egiteari ekin, eta hasieran berrogeita hamar bat kantu aipatu genituen, pentsa!», dio Bastidak-. Ez da, beraz, orain arte atera dituzten diskoetatik egindako aukeraketa bat, ezta tokian tokiko kantu grabaketak agertzen dituen bilduma ere, hogei urteko ospakizun biran egindako zuzeneko zehatz bat baino, Plateruena areto ederrekoa. Eta dvd-an ikus daitekeenez, biraren arrakastaren eta taldea indartsu dagoen seinale zaleak dira, laukotearekin batera kantuak jo eta ke abestuz.

Taldekideen esanetan, «emozioz eta sentsazioz beteriko» biraren emaitza, eta «kanta zaharrenetatik berrienetara» Su Ta Gar «betiko jarraitzaileetatik gaztetxoengana» hurbiltzen duen lana makina bat lagunen jardunak egin du posible, tartean Aitor Ariño eta Paskal Etxepare soinu teknikari eta Jon Mentxakatorre argi teknikarienak.

Opari gisa eta estetikoki oso modu finean argitaratua -«ahalik eta itxura polit edo txukunena ematen egin baitugu ahalegina»-, digipack dotorean bilduta dator lana, ospakizun biraren data eta xehetasun guztiekin. Atzoko eta gaurko irudiak ere baditu gainera. Tartean, eta bitxikeria gisa, taldeak 1989ko martxoaren 4an Arbonako frontoian emandako kontzertuaren -Su Ta Garren bigarrena- argazki bitxiak erakusten ditu esaterako, edo Ondarroako gaztetxean eta Debako Zokoan ateratakoak, Borxa, Asier, Aitor eta Xabi (lehen laukotea) grinatsu eta... iletsu ageri dituztenak!

«Guk ondo pasatzen badugu zaleek ere disfrutatuko dutelakoan», laukotea gustura dago oso burututako birarekin, eta pozik orain emandako bilduma berriarekin.

Urtez urte, ilusioa mantendu

Laukotearen iraupenaren sekretuaz galdetuta, «gustukoa dugu egiten duguna, eta ilusioari eutsi diogu», erantzun dute agudo musikariek. Bastidaren esanetan, gainera, «ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara». Baina zalantzarik ez, «jendearengana heldu eta beraien gustuko izatea da funtsezkoena», Gorosabelek dioenez.

Atzera begiratu eta, «gure ametsa zelako hasi ginen jotzen», gogoratu du Bastida eta Gorosabel bikoteak, «Judas Priest bezala sentitzeko, gure zoriontasun goreneko unetxoa izateko». Egun, ordea, ikuspuntua guztiz aldatu da, eta alderantziz, «jada ez dugu inoren antzik izan nahi».

Zaletasuna ogibide bihurtuta, «agian indar apur bat galtzen duzu, eta xalotasuna», hogei urte ez baitira alferrik igaro, «baina eskarmentuan irabazi». Baina garrantzitsuena mantentzen du taldeak, «ondo pasatzeko gogoa, eta oraindik oilo ipurdia jartzen zaigu oholtza gainera igotakoan». Eta Bastidak ohartarazi digunez, «gure lana eskatzen digu taldea ofizio izateak, eta lorpen hau asko baloratzen dugu», taldekideek badakitelako betetzen zaituenetik bizitzea ez dagoela edonoren esku. «Alde horretatik, zorioneko sentitzen gara».

Iraganari ez ezik, etorkizunari ere begirada bat eman nahi izan dio taldeak, lausoa, iragan hurbilera baino begiratzen ez dutelako. «Suak piztuta dirau, eta aurten ere emango ditugu kontzertuak», iragarri zigun Gorosabelek. Antza denez, Espainia aldetik ere «interesa agertu dute», eta izan daiteke Su Ta Gar gure mugetatik kanpo ere aritzea. «Barneko lana handia izaten da», zaleek normalean ikusi ohi ez dutena, eta kantu berriak sortzen hastekotan ere badira musikariak, «datorren urtera begira disko berria plazaratzeko asmoz».

Izan ere, aurkezpenaren ondoren ardoarekin topa egin zuten eta Gorosabelek esan bezala, «beste 19 baino ez dira falta 40 betetzeko!».

plateruena

Argitaratu berri duen bilduman (bi cd eta dvd bat) Su Ta Gar eibartar taldeak hogeigarren urtemugako ospakizun biraren barruan, 2008ko abenduaren 26an, Durangoko Plateruena aretoan grabatutako zuzenekoa jasotzen du.

«Su Ta Gar taldean gure buruari eskatzen diogu lehenengo, gero eskaini ahal izateko»

Ospakizun biraren barruan, «sarri esan digute `hamar urte kendu dizkidazue´» dio Bastidak, «zaleen erantzuna ikaragarria izan da». Eta horrek ase ditu: «Gure buruari erronka bota baikenion gogotsu, -eta eskatu, gero eskaini ahal izateko- oso indartsu eta elkartuta sentitzen ginen seinale». Hastapenak «espontaneoak eta inozentziaz beteak» ditu gogoan, eta orain taldean «hausnarketa handiagoa» dagoela dio; adin kontua!

Damu eta harrotasun berezirik gabe, «iraganeko lanen baten soinua da muturra okertzera eraman dezakeen kontua, eta aspaldiko kantuak entzutean, hasi orduko musikari legez lortutako maila onak du harritzen.

Bira egiteko orduan berrogeita hamar kantu inguruko aukeraketa egin zuten lehenengo, eta buruko minak izan dituzte gero, erdiak bide bazterrean uzteko. «Gure abestiekin pozik gauden seinale». Kantu batzuk ezinbestekoak dira, «uste baino gehiago eta etapa guztietakoak gainera», «Jo Ta Ke», «Mari», «Begira», «Gau ilunak» eta «Rotaflexa garraxika» esaterako, «esanguratsuak oso», eta beste batzuk, «Basamortutako zalduna» eta «Amaren negarra» berriz, aspaldiko partez berreskuratu dituzte.

Hogei urte barru... «zaila da gure burua honetan ikustea, orain hogei urte ere berrogeirekin jotzen jarraitzea espero ez genuen bezala», baina etorkizuneko grinez galdetzean, «erretiratzea!» botatzen omen du Bastidak, barrezka. «Etorkizun hurbilean pentsatzen dugu beti, eta orain ere hurrengo lan baterako plantxoak egiten hasiak gara».

Hogei urtetan «sekula ez diogu jotzeari utzi», onartu digu «bizi erdia baino gehiago» Su Ta Gar taldean egin duen musikariak. Bastidak aitortzen du, zaila zaiola bere «bizitza eta taldea bereiztea: bizitzeko modu bat da niretzat».

Profesionalak izanda ere, «hasierako esentzia gorde dugu eta gehien gustatzen zaigunetik bizitzea asko baloratzen dugu».

Egungo heavy eszena indartsuaz galdetuta, «musikariek hasieratik gitarra eta anpli bikainak dituztela harritzen nau gehien», dio umoretsu, berak nekez izan zituelako.A. B.

berreskurapena

Hogeigarren urtemuga ospatzeko, taldeak iraganeko kantuak berreskuratu eta jatorrizko soinuarekin eman nahi izan zituen, horretarako estudioan erabili ohi dituzten gitarra akustikoak eta pianoa aurreneko aldiz oholtza gainean jarrita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo