GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Zazpigarren jardunaldia

Bietako batek agur esan beharko dio bolada onari

Sasoi bikainean dauden bi talde izango dira aurrez aurre La Fontetan. Donostiarrek hiru garaipen lortu dituzte jarraian, eta valentziarrek lau.

p043_f02_20440.jpg

VALENCIA-LAGUN ARO

K.A. I

Duela bi jardunaldi lortutako garaipenari esker, Gipuzkoa Basketek sekula izan duen hasierarik onena egin zuen, eta gaur Valentziaren kontra irabaziz gero lortuko luketen marka ez litzateke makala izango. Gipuzkoarrek, bilbotarrekin batera, partida bat gutxiago jokatu dute aurtengo Ligan, eta halere tinko eutsi diote aste osoan sailkapeneko zazpigarren postuari. Pablo Lasoren mutilek, baina, aurkari zaila izango dute aurrean marka berri hori jartzeko.

Izan ere, aurrean, sasoi betean dagoen taldea izango dute. Neven Spahijak, kostata bada ere, lortu du bere lan baldintzetara egokitzen den bloke bat eratzea, eta unera arte sekulako emaitzak eman dizkio. Soberan zituenak bota egin zituen, gauzagarriak ziren fitxaketak egin zituen, eta jokalari berriak ere talde dinamikan sartu ditu entrenatzaile kroaziarrak. Horren guztiaren emaitza: porrot bakarra euren baitan.

Serhiy Lishchuck kanpoan

Valentziarren jokalari arriskutsuenetako bat Serhiy Lishchuk ukrainarra izan da orain arte, baina azken aste honetan lesionatu egin da eta lau asteko baja izango du. Bera izan da talde laranjaren hasiera onaren erantzuleetako bat, eta zinez eskertuko du Pablo Lasok pibot jaurtitzaile honen falta.

Partidaren beste arreta gunea Albert Mirallesen inguruan egongo da. Azken lau urteak Valentziako taldean igaro ditu kataluniarrak, eta ikusteko dago nolako gogoz kantxaratzen den bere talde ohiaren aurka. Mirallesek garrantzi handiagoa dauka Donostiako errotazioan, eta bere burua errebindikatzeko aukera bikaina du. Donostiarrek badakite defentsan jarri beharko dituztela indarrak. Valentziarra Ligako bigarren talde erreboteatzaile onena da, eta esparru horretan aurre hartuz gero, hurbilago egongo da garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo