GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Indarberritu denaren gogoz ekin beharko dio Bilbao Basketek lehiari

CAJASOL-BBB
 GARA |

Urgentzia eta berehalakotasuna. Horiexek dira azken astean Bilbo aldean gehien entzundako hitzak. A gripeak bortizki jo duen talde baten egoera ez da egokiena -ez gogoz, ez gorputzez- halako garrantzia duen lehia bati berme askorekin ekiteko, baina Vidorretaren jokalariek ez daukate besterik buruan: Sevillatik puntu bat ekartzea, eta hala, sailkapeneko egoera latza nolabait samurtzea.

Lehen jardunalditik garaipena lortu ez duen talde batek iraultza egin behar du ikuspuntu guztietatik. Iraultza horren lehen pausoa emateko, jokalari guztiek eman behar dute; baita aste honetan zehar heldu den Robert Conleyk ere. Estatubatuarra jokatzeko moduan egongo da, eta bere jardunak emaitza positibo bat ematea espero dute taldekoek. Aski ezagunak dira bere ezaugarriak, Girona eta Gasteiz aldean igaro zituen hilabeteetan erakutsitakoaren arabera, baina ikusi beharko da zer-nolako sasoia dakarren.

Juanjo Triguero Sevillako pibotak aste honetan argi esan du Bilbao Basketen egoera ez dela erreala: «Ez dira oso ondo hasi, baina benetan partida zaila izango da».

Joan Plazaren taldean ere aldaketak izan dira azken astean. Alde batetik, Tyrone Ellisen egoera fisikoaren inguruko kezka dago. Eskolta estatubatuarrak bigarren graduko zaintiratua izan zuen orkatilan, eta azken uneraino zalantzazkoa izango da. Eta bestetik, Josh Asselinen baja beteko duen Maurice Ager jokalaria dinamikan sartu beharko du prestatzaile bartzelonarrak.

Beharrezkoa

Cajasolen aurka garaipena lortzeak balio bikoitza izango luke Vidorretaren mutilentzat. Izan ere, andaluziarren pare jarriko lirateke sailkapenean, kontuan edukita, gainera, bizkaitarrek partida bat gutxiago jokatu dutela.

Esnatzen hasteko garaia da. Denboraldi hasieran mahai gainean jarritako helburuak berriro jomugan hartu eta horien alde borrokan egiteko unea. Ez du balio gaixotasunetan oinarrituriko aitzakietan babestea. Pausoa eman beharra dago, eta albait arinen ematea komeni da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo