GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Txapelketa Nagusia 2009

Bakoitza beretik kantatu nahian

Seiko motzean bi gaik bertsolari bat baiezkoan eta bestea ezezkoan jartzen zuten eta ez dakit gaiari ezer aportatzen zion posturak markatu izanak

Urteak daramatzate bertsolariek norberak beretik kantatu nahi duela esanaz. Gaien bilakaera ere horren araberakoa izan da eta hargatik pasa gara bertsolariari zer esan behar zuen esaten zitzaion garaitik, gaia ere, zenbaitetan, bertsolariak berak sortu behar izatera. Aurten, erdibide bat bilatu nahian dabil gai-jartzaile taldea eta ahalegin hori eskertzekoa da zinez.

Ofiziotan posturak markatuago egoten dira bakarkakoetan baino, baina atzo, gaia nork berera ekar dezakeela erakusten saiatu ziren Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi zortziko txikian. Ainhoa pilotari lanetan jarri zuen gaiak, eta Uxue, berriz, bere amona bailitzan. Amonak kandelak jarriagatik, bilobak ez zuen partidarik irabazten. Hori zioen gaiak, baina ariketa emakumezko pilotaria eta Jainko gizonezkoaren arteko demara bihurritu zuten. Bi estereotiporen aurka aritu ziren burrukan: pilotari gizonezkoak eta erlijio katolikoa. Ofizioak, zenbaitetan, litekeena da behartu sentsazioa irudikatu izana eta horrek gaia noraino bihurritu daitekeen galdetzera bultza gaitzake. Horren gainetik ordea, egindako ahalegina azpimarratu nahi nuke. Asmatu zuten ez dakit, baina sinesten duten bertsokerari eutsi ziotela bai, txapelketak txapelketa.

Badira bihurritu ezin diren gaiak ere, ordea. Seiko motzean bi gaik bertsolari bat baiezkoan eta bestea ezezkoan jartzen zuten eta ez dakit gaiari ezer aportatzen zion posturak markatu izanak. Iker Zubeldiak janariz betetako armairua giltzaz itxi nahi zuen; Iñaki Gurrutxagak ez, eta Sustrai Colinak anaia gaztearen irudiak sartu nahi zituenean bideoan, Ainhoa Agirreazaldegik ez. Saio onak atera ziren biak eta alde horretatik ez dago aitzakiarik, baina posturak markatzeak zein funtzio zuen ez nuen ulertu. Ez dut esan nahi gai-jartzaile taldeak gaizki egin zuenik posturak markatzen, baizik eta ez nuela ulertu, besterik gabe. Bertsolariei eurek pentsatzen zutena esateko aukera mugatzen zietela iruditu zitzaidan. Gaiak hartara behartutakoan ere, bertsolariak irteten jakin behar du eta atzo behintzat ez zuten inor ito. Hori da behintzat atzo Tolosan izan ziren 1.900 iritzietako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo